GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Ritxi AIZPURU I Musika argitaratzailea

Musikaren otzantasuna

Musikak, basatienak ere, baretu egiten omen du (animaliak barne). Baina musika orok ez du jendea otzan egiten. Agian, pentsa daiteke musika mota batek jendea sutu egiten duela, gerturatu, eta guztia izotza baino hotzago dagoela konturatzen zara. Duela denbora luzea edari alkoholdun baten marketin leloak «on the rocks» izotz-koskorrak aipatzen zituen edaria otzantzeko. Hainbatek rockarekin beste horrenbeste gertatzen dela pentsatzen du; rocka otzanduta dagoela industria fonografiko «multi»en erruz (rockaren iruzur handia).

Rocka eta otzantasun txute edo gaindosiak antzekoak izan daitezke? Sistemak rockarekin apaldu, mantsotu, baretzen gaitu? Sarritan, bai. Badakit botere orok («multi»enak barne) mantendu nahi gaituela inozo eta beti beldurti, gizajo baten antzera. Arkume txuri eta zintzo. Dardarti. Negarti eta euren esanetara, otsoaren atzaparretan. Inolako etenik gabe doakigu bizitza ihesean, mundu honek pozoitu baino ez gaituelako egiten. Benetako bizitzak neurririk ez duen bezala, ez dauka gaur egun gure desioetan bizitzeko gogo zipitzik. Ez gara ofizioz bizi. Beti egin dezakegu ez egin. Besterik gabe. Fantasiari eta desirari beste osagai bat erantsita, hots, barrea, bizitzarako beharrezkoak diren hainbat tresna lortuak ditugu. Fantasiak eta desirak alda daitezke, baldin eta sortu dituen bizitza bera aldatuko bagenu. Barrea, altxamendu orokortuaren bila doa beti. Benetako barrea, algara eta pasioa botere harremanen aurka doaz etengabe. Irribarre behartuek kolokan jartzen dute bizitzaren muina: egia. Desiraz eta barrez, betetako pasiozko fantasiari zerk egin diezaioke aurre?

Musikak barrea eragiteko balio dezake. Jokoa ere bada, honen zioa eta funtsa ikusten dugunaren eta ez dugunaren artean dago. Musika, aldiz, entzuten dugunaren eta isiltasunaren artean. Musika eta jokoa denboran ematen dira, eta izan ez den denborarik ez da inoiz izan. Denborak ez du abiadura aldaketarik, baina bizitzak abiaduraren menpekotasuna du. Abiaduraren biolentziak teknikaren mundua esku artean du, bere menpe, alegia. Inork ezin du ekidin sentsazioen esparrua. Musika sentsazioz betetako gauza da. Batzuetan joera kontrajarriak hartzen ditugu, kontraesanez zipriztindutakoa da gure bizitza, nahiz eta maiz gure asmoak erradikalagoak izan. Geure alienazio ukituak sistemak transmititzen eta irakasten dizkigunak dira. Sistema da hezitzaile bikainena. Beldurra erabiltzen du eta azkar asko barneratzen dugu berori. Ondorioetako bat mina da; hau bikain komertzializatu du gizarteak. Arnasa hartzea derrigorrezkoa da eta, hori ere, dosi txikietan uzten digu hartzen eta argi pitin bat ematen digu sistemak, gizarte honen apopilo eta morroi zintzoena izaten segi dezagun. Hezita gaude kateetara. Heziketa apurtuz lortuko dugu geure desintegrazioari aurre egitea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo