GARA > Idatzia > > Kultura

Udako ikastaroak

Erlojuaren aurka sormena entrenatzen

Sormena lanbide konkretu batzuekin lotu ohi dugu: bertsolariak, publizistak, artistak... Gaitasun hori bizibide duten profesionalek «gizateriaren ondare» hori ikastea eta lantzea posible bakarrik ez, beharrezkoa dela nabarmendu zuten Udako Euskal Unibertsitateko «Sormen gaitasuna kitzikatuz: sormena lantzeko bideak» ikastaroan.

p034_f01_117x232.jpg

Ane ARRUTI |

Sortzailea, jaio edo egin egiten da? Sarritan egiten den galdera honi garbi erantzun omen zion behin Joxe Agirre bertsolariak: «Lehendabizi behintzat jaio!». Udako Euskal Unibertsitatean atzo abiatu zen ikastaroko partaideek argi utzi zuten, ordea, sormena landu eta entrenatu beharreko kontua dela eta ez dela aski ustez bakoitzak jaiotzez duen trebetasun eta erraztasuna. «Sormen gaitasuna kitzikatuz: sormena lantzeko bideak» eman diote izena EHUk eta Bertsozale elkarteak elkarlanean antolatu duten ikastaroari. Donostiako Miramar jauregian sorkuntza lanbide duten profesionalak izango dira atzo hasi eta bihar arte. Ez bertsolariak bakarrik, alor ezberdinetako sortzaileak gonbidatu baitituzte. «Bertsolariak beti bertsolaritzari buruzko gogoeta egiten dugu eta justu kontrakoa egiten saiatu gara. Oso ezberdinak diren beste esperientzia batzuk ekarri nahi ditugu. Bertsolariak beti bere pieza sortu eta bat-batean bota behar du, baina adibidez, eskultoreek nahi beste denbora dute beren lana sortzeko. Ezberdintasun horiek zertan diren eta bakoitzak bere sormena nola lantzen duen ezagutzeko aukera izango da», azaldu zigun Jon Martin bertsolari eta ikastaroaren zuzendariak.

Atzokoa eskarmentudunen aholkuak eta sormena lantzeko sekretuak entzuteko eguna izan zen. Bertsolaritzaren alorrean, bost aldiz Euskal Herriko txapela jantzi duen Andoni Egañak eman zuen ikasgai magistrala. Zarauztarrak herritar gehienoi ezinezkoa iruditzen zaigun «gaia edo tiroa entzun eta bat-batean kantuan haste horretan» trebatzeko gomendioak eman zituen, «Nola prestatu ordulariaren aurkakoa» izenburupean. «Tiro hotsaren ondoren zer egin litekeen oso zaila da azaltzen, baina aurreko prestaketan dago benetako lana», nabarmendu zuen. Prestaketa hori oso ezberdina izango da ohiko saio baterako edo txapelketa baterako. «Gaia jartzen dizutenetik abesterako denbora oso ezberdina da edozein plazatan -izan daitezke, esaterako, hiru edo bederatzi segundo, txaloen arabera- edo txapelketan -hemen denbora izan daiteke 21 segundokoa eta alde guztietatik sobratzen zaizu hainbeste txaloren artean-. Hor soberan dituzun hamabi-hamalau segundo horiek ondo kudeatzea da txapelketan ongi ibiltzeko giltzarria. Ezin zara lehenengo ideiarekin gelditu, bigarrenaren bila joan behar duzu, beste `perbertsio' bat bilatu».

Aurrez egin beharreko entrenamenduan hiru puntu nagusi aipatu zituen. Lehenengoa eta ziur asko garrantzitsuena, biltegia ongi betetzea. «Bakoitzak jakingo du nola: irakurriz, tabernan jendearekin berriketan edo pote batzuk hartuz, telebista ikusiz, antzerkira joanez...». Biltzeko teknika batzuk ere azaldu zituen: «Horretan ari garen orduan, komenigarria da irakurtzen eta ikusten ari garen hori egunen batean zertarako erabil genezakeen pentsatzea eta gure buruan ongi artxibatzea. Gaia jartzen diguten garaian asko lagunduko digu gauza horiek guztiak buruan ongi ordenatuta izateak».

Bigarren urratsa bakoitzaren protokoloak martxan jartzea dela azaldu zuen. «Inprobisatzaileak gara, baina denok sentitzen dugu beldurra. Saio baten aurretik nire protokoloak betetzen ez baditut, ez naiz beteta sentitzen eta ziurtasun falta izugarria sortuko zait». Momentu horretan ezagutu genituen Egañaren ezkutuko maniak. Zapatak jantziz gero, galtzerdi beltzik gabe ez duela bakerik izaten aitortu zuen eta saioaren aurretik kaxoian topatzen ez baditu, orduan jartzen omen da urdurien. Bigarren mania bere etxea ez den tokiren batean kafea hartu eta Rosli puru bat piztea -erretzen duen ala ez, ez zuen garbi utzi- dela kontatu zuen. «Hori ongi eginez gero, ziurtasuna eta gure buruarekiko konfiantza lortuko ditugu. Gainontzekoei tontakeria bat iruditu arren, bakoitzak bereak egin behar ditu».

Azken ardatza «radarra pasatzean» datzala eta bila dabilenak errazago topatuko duela ez dabilenak baino azaldu nahi izan zuen zarauztarrak. «Arakatzen ohituak baldin bagaude, topatuko dugu noizbait. Ezin dugu bila ibili gabe aurkitzerik espero». Aholku horiek guztiak lanbide guztietan aplikatzea posible eta beharrezkoa dela esan zien adi-adi entzuten zeuden ikasleei. «Ziur denok sentitu dugula inoiz ordulariaren aurka ari garela: irakasleak, kazetariak, gidoigileak... Pauso hauek ongi beteta baldin baditugu, gure buruarekiko konfiantza ziurtatuta izango dugu behintzat».

«Hizkuntzak bi gradu izan ditzake: pizzeria edo jatetxea, hau da, normal esatea edo `anormal' esatea. Beti berdina dastatu beharrean, unean nahi duguna kartatik aukeratzea lortu behar dugu. Hizkuntza kontuan, ez dugu inor emozionatuko pizzerian», honela azaldu zuen «tiro hotsa» entzun ondoren etorritako ideiak nola esan. Bat-batean burura etorritako ideia uholdea nolabait bideratu behar da ordea, eta burura lehenengo etorritakoa bertsoaren bukaeran jartzen dela azaldu zuen. «Magian antzeko efektua gertatzen da. Magoak trukua egin eta bere arreta unea desenfokatu egiten du. Bertsolariak berdin. Bera bukaera pentsatzen ari den bitartean, entzuleak bertsoaren hasieran jartzen du arreta».

Hizkuntzaren distiraren bila, pare bat aholku eman zituen Egañak. «Antitesiak bilatu behar dira, apaiza elurretan jarri hobeto ikusteko. Ez da ingenio kontua, genio kontua da. Genioak ez du etsitzen gauzak normal esatearekin. Ez da gauza bera `oso-oso nekatua nago esatea' edo `akabatuta nago' esatea».

«Sortzaile» deitura ukatu ezin zaion beste bat Juan Gorriti eskultorea da eta, hitzaldia Jabier Lekuona arkitektoak eskaini bazuen ere, artista nafarrak ondoan eserita jarraitu zituen haren hitzak. Bere lanen errepasoa egin zuen Lekuonak, argazki, irudi eta bideoekin lagunduta. Gorritiren sormen prozesua aintzat hartuta, galderak luzatzen zizkion noizbehinka eta honek, bere ohiko naturaltasunarekin, entzuleen algarak sorrarazi zituen. «Begirada sortzailea, ordularirik gabe» izan zen Lekuonak aukeratutako izenburua eta denbora Gorritiren eskulturan dagoela azaldu zuen, «horrek esplikatzen du Gorritik sormenerako zein bizitzarako, bai sormena ikasi, bizi zein gizarteari erakutsi eta transmititzeko duen jarrera». Artista askorentzat denbora muga bat da; Gorritik, ordea, aukera gisa ikusten du, eta «begirada entrenatu behar da hori ikusteko».

Erraiak ezagutzeko aukera izan zen hirugarren lanbidea publizitatea izan zen. Horretarako, Donostian sortutako Dimension agentziako Guillermo Viglionek eta Luis Petrikorenak «Sortu, enkarguz, eta ordulariarekin» hitzaldian, lanbidearen inguruan dauden «topikoak» ezeztatu eta egunerokoan izaten dituzten betebeharrak azaldu zituzten. «Bizitzaren aurrean duzun jarrera da sortzailearen lana, talentuari gehiegizko garrantzia ematen zaio», esan zuen Viglionek. «Askok uste dute ideia bat edukita guztia eginda dagoela, baina lan eskerga dago bai aurretik bai ondoren». Denbora dela-eta, «beti erlojuaren aurka, eta arazoak daudenean deitzen digute eta gure irudimena alokatzen dute: ordaintzen digute bai, baina oso baldintzatuta gaude».

Hainbat egileren iragarkiak jartzeaz gain, eurek egindako iragarki ezagunak proiektatu zituzten, hala nola Euskaltel-entzat egindako «Patxi», «Agur, Ana Luisa» eta «Ti amo» edo futbol-zelai batean jokalari guztiak biluzik jokatzen ari zirela Athletic-eko kamiseta jantzita agertzen zen exhibizionistarena, esaterako.

kultura

andoni egaña

«Gaia ematen dizuten unetik bertsoa botatzerainoko denbora tartea oso ezberdina da plaza batean edo txapelketan. Azken honetan `soberan' dauden segundo horiek ongi kudeatzea da txapelketan ongi ibiltzeko giltzarria».

JABIER LEKUONA

«Denbora Juan Gorritiren eskulturan dago, eta horrek esplikatzen du Gorritik berak sormenerako zein bizitzarako, bai sormena ikasi, bai bizi, bai gizarteari erakutsi eta transmititzeko duen jarrera».

GUILLERMO VIGLIONE

«Bizitzaren aurrean duzun jarrera da sortzailearen lana, talentuari gehiegizko garrantzia ematen zaio. Askok uste dute ideia bat izanda guztia eginda dagoela, baina lan eskerga dago bai aurretik, eta baita ondoren ere».

TRANSMISIOA

Gaur transmisioaz arituko dira Bertsozale elkarteko eta Urtxintxa aisialdi eskolako ordezkariak, Vega Martin sorkuntza artistikoan aditua eta Wilson Saliwonczyk payadore argentinarra. Bihar, Pello Añorga eta Maialen Lujanbio izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo