GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier IZAGA I Irakaslea

Egiteko asmoaren gaineko uste osoa

Ni ez naiz izan. Eta badut alibia; herenegun goizaldean Tolosan bi zaborrontzi erre zirenean, handik urrun nintzen eta. PSOEk eta PPk «istilu ezin larriago» horiek, «kale-terrorismo ekintza» hori, berehala gaitzetsi zituzten. Lakuako Barne Sailak, berriz, zaborrontziak beren kasa erre zirela esan zuen, gaizki itzalitako zigarro-mutxikin baten eraginez. Kontuz ibili beharko luke sailburu jaunak. Bere alderdiak eta PPk ETA-Batasuna-Segi-Egin-AEK-Athletic-udalekuetako erradikalek erre zituztela uste badute, hala da, eta terrorismoari laguntzea leporatu bailiezaiokete Barne Sailari. Ni ez naiz izan, baina ez naiz fio.

Madrilgo Gobernuak, Lakuakoak edo Ertzaintzaren buruak presoen argazkiek edo bestelako agerpenen batek «terrorismoa goresteko» asmoa dutela uste badute, nahikoa da hura debekatu eta zigortzeko, legeak dioena gorabehera. Areago, tribunal espainolen ebazpenek -Zuzenbidearen arabera, gertaerak, egitateak oinarri izan behar dituztenak- maiz euren «uste osoa» izaten dute oinarri bakarra: alkate andrea ez duzula jo...? Tira, baina jotzeko asmoa zenuen. Ezetz...? Bada, nik baietz uste dut, eta epailea naiz, hartarako ikasketak egin ditudalako.

Bitartean, Patxi Lopezek eta Antonio Basagoitik krisiari aurre egiteko hainbat neurri adostu zituzten (horiek bai, onak!) eta, bide batez, Basagoitik eskatu zien alkateei «hiltzaileak kaleetatik kentzeko» lagundu dezatela. Eta, bere mintzairan, gutxi gorabehera esan zuen baldin kaleetan presoen argazkirik ikusten ez bada, ez dagoela presorik.

Lasai asko lo egingo zuten atzo Basagoitik eta bere motoak, Rodolfo Aresek eta Eudeleko presidente Jokin Bildarratz jeltzaleak «erabateko sintonia eta elkarlanean aritzeko borondate argia» erakutsi baitzuten. Kalea eurena dela esan zuten, beren mintzairan, eta hala izan dadin «pedagogia demokratikoa indartu beharra» dagoela.

Gernikako alkatea ez dirudi oso konforme dagoenik «pedagogia demokratiko» horrekin, baina Aresek baino kontu handiagoz beharko luke ibili, desadostasun horrek asmoa iluna duen uste osoa baitu Basagoitik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo