GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Floren AOIZ I www.elomendia.com

Ares, Gerlaren jainkoa

Ongi finkatutako estatuek ez dute ideien jazarpena jendarte mailako esparru guzietara hedatu beharrik. Irabazi duenak ez du gerlarik behar

Ares gerlaren jainko olinpikoa zen greziarrentzat. Gerla, hondamendia, sarraskiak, gauza horiek guziak adierazten zituen Aresek. Aresen kontrakoa omen zen Atenea, gerlaren sarraskien mugapenaren aldekoa baitzen jainkosa, jainkoa ez bezala.

Gustukoa izan ala ez, greziar mitologia gure munduaren oinarri askoren iturburua da, besteak beste, kristautasunak egin duen erabilpen bereziari esker. Ez dira mito neutroak, jakina, mundua ulertzeko era baten agerpenak direlako. Bestelako munduen ukapena ekarri du askotan greziarren mitologiaren irakurketak, baina begi-bistakoa da greziarren mitoek, oraingoz, gure eguneroko bizitzaren atal aunitz hobeki ulertzeko ideiak eskaintzen dizkigutela. Aresen figurak, adibidez, ongi islatzen du Estatu espainolak Euskal Herriaren aitzinean egin duen apustua. Atenearen itzalik ez da aurkitu apustu horretan, baina Aresena, nonahi!

Espainiar nazionalismoak pentsatu du (Espainiaren) hil ala biziko afera dela euskal independentziaren aldeko mugimendua akabatzea. Eta sinetsarazi nahi digu edozer egiteko prest dagoela. Jakin badakigu, GAL eta beste errealitateak ez baititugu atzendu, astakeria handiak gauzatzeko gai direla. Baina gerlaren aldeko apustua gauza bat da eta «gerla» irabaztea beste bat.

Espainiar nazionalismoaren gerla, finean, ez doa euskal independentziaren ideiaren kontra. Espainiar nazionalismoaren gerlaren funtsa espainiartasunaren inposizioa da. Inperio galduaren mina. Jende askok espainiar izan nahi ez duela/dugula onartzeko ezintasuna. Eztabaidaren aurreko ahulezia; jendeari erabakitzeko ahalmena emateko beldurra: hauek dira gerlaren aldeko apustuaren zutabeak.

Espainiar nazionalismoak Ares hautatu du, Atenea aintzat hartzeko prest ez dagoelako. Gatazkak bide demokratikoetatik eramateko asmorik ez duelako. Uste baitu eztabaida demokratikoa galduko duela.

Galtzeko beldurrak ekarri du garaipena saltzeko obsesioa. Espainiak ez du gainditu trantsizioaren azterketa. Estatu gisa bizirik dago eta ez da zatitu, ados, baina zatiketaren arriskua orain dela 30 urte baino handiagoa da. Hau da gerlaren gibelean dagoena. Finean, uste dute gerla dela Espainia salbatzeko modu bakarra. Espainiak bizirauteko bide bakarra.

Ongi finkatutako estatuek ez dute ideien jazarpena jendarte mailako esparru guzietara hedatu beharrik. Irabazi duenak ez du gerlarik behar. Espainiar nazionalismoak gerla behar du, berriz, beste biderik ez duelako ikusten.

Aresena ez da deus ere konpontzeko bidea. Ateneari erreparatu beharko litzaioke. Jakinduria, zentzua, zintzotasuna, beste batzuk dira gatazka gainditzeko nagusitu behar diren balioak. Eta, batez ere, Greziak izena eman zion beste ideia bat: demokrazia. Gerla inposizioa da, indarkeria, jendearen borondatearen ukapena. Demokrazia, berriz, herritarren hitza da. Izan beharko luke, bederen.

Aresen ereduak kartzelak betetzeko eta herrietako bestak ozpintzeko balio duela ezin da zalantzan jarri. Inkisizioaren giroa zabaltzen da eta edozer bihurtzen da delitu: Ares jaun eta jabe! Baina, espirala bultzatzeaz gain, aldaketarik ez. Espainiak ezin du gatazka hau termino polizial-militarretan bideratu. Espainiak ezin du bere «gerla» hau irabazi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo