GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Anjel BERGARETXE I Aretxabaletako udal hautetsia

Bolatokixa

Azken andramaixetan, pertsona batek esaten zidan bola txapelketaren falta igartzen duela jaietan. Egia da bolatokiak egin zenetik ez duela aktibitate handirik izan. Baina ez da beti horrela izan. Duela 20 bat urte, bolatokiak susperraldi bat ezagutu zuen: lehiaketak, Gipuzkoako txapelketako saioak, haurrekin ikastaroak... Ia astero zegoen zerbait bertan.

Hau guztia, jakina, ez zen berez sortu. Atzean pertsona talde bat ibili zen, euren denbora (eta dirua kasu askotan) hutsaren truk eskaintzen. Talde horren motorra hiru pertsona izan ziren: Iñaki Berasaluze, Andres Etxebarriarteun eta Kepa Urra. Lehen biak heriotzak eraman zituen eta hirugarrena Estatuaren atzaparretan dago, Almeriako espetxean, hain zuzen.

Urteetan, Keparen marrazki bat egon da bolatokiko horma batean, bere militantziaz at (honi buruz, argi dauden arrazoiengatik ez dut ezer esango), toki horrekiko, eta oro har Atxabaltarekiko zuen konpromisoa irudikatuz, eta Euskal Herrian egoteko duen eskubidea aldarrikatuz.

Baina marrazki horrek traba egiten zion PSOEri, ez baitator bat euskal militanteez saldu nahi duten irudiarekin. Eta abuztuaren 24an, irudi hori grisez (esanguratsua eta egokia kolorearen hautaketa) estalita aurkitu dugu. Goebbels maisu hartuta, hor dabiltza azken hilabeteetan gezurrak errepikatuz, edota errealitatea ezkutatuz, errealitate hori aldatuko delakoan. Ez dute oraindik ikasi errealitatea tematia dela... eta baita euskaldunok ere.

Ez dakidana da irudia ezabatzeak aseko duen «demokraten» mendeku nahia ala haratago joan gura izango duten. Kepa torturatu zuten guardia zibilei Atxabaltako kale bat eskaintzeko eskaria eginez, adibidez. Torturatzaile horien indultuarekin hasitako bidea polito biribilduko lukete horrela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo