GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Idoia HUALDE eta Pilartxo BEAUMONT I Bidankozeko alkatea eta Memoriaren Bideak

Berriro ere, faxismoa mehatxuka

Berriro ere faxismoaren mehatxuzko presentzia erasotzailearen lekuko izan gara. Berriro ere, horren ankerkeriak salatzeko eta horren biktimak omentzeko oroitarriei eraso egin diete Nafarroako hainbat eskualde. Jadanik ezaguna denez, Iruñerriko zenbait hilerritan txikizioak egin dituzte faxistek, baita Ezkaba mendian San Cristobal espetxeko presoen aldeko oroitarrian edota Igari eta Bidankoze tarteko mendatean dagoen eskulturan ere, frankismoaren esklaboen omenezkoa azken hau. Agerian gelditu denez, eraso koordinatua izan da, eta horren barrenean hainbat pertsonari egindako dei anonimoak ere aipatu behar dira.

Gauzak horrela, beharrezkoa da gertakarion salaketa publikoa, eta horregatik ere poztekoa da Nafarroako indar politiko guztiek horrela egitea, Partido Popularraren salbuespen esanguratsuarekin. Hala ere, salaketa publikoak ez ezik, ekimen judizialak ez ezik, eraso hauek dakartzaten inplikazioei buruzko hausnarketa ere beharrezkoa dugu, etorkizunean haiek saihesteko, eta memoria historikoa berreskuratzeko, mugimenduaren helburu nagusienetako bat lortze aldera: inoiz ez berriro ere faxismorik! Gure ustez, hausnarketa horrek honakoak aintzat hartu beharko lituzke:

1. Eraso hauek agerian uzten dute oraindik ere batzuek onargarri deritzotela 1936an hasitako hilketa masiboari eta gerrari. Are gehiago, erasook portaera hauek salatzen eta deslegitimatzen jarraitzeko beharra erakusten digute. Zoritxarrez, hauxe ez dugu iraganeko kontua, gure artean batzuek begi onez gogoratzen dituzte gurutzadetako garai horiek, eta horrek, garaiko biktimentzat ez ezik, giza eskubideen defentsa aldarrikatzen dugun guztiontzat ere kezkagarria izan behar du.

2. Horretaz gain, nabarmendu egin behar da eraso hauek ez direla lehen aldiz gertatu eta, hala ere, oraindik ez da inongo ekimen instituzionalik egin gertaera horiek argitzeko. Ematen du faxismoaren presentzia eta mehatxuak ez direla lehen mailako kezkak, gure gobernarientzat behintzat. Zergatik horrelako pasibotasuna? Kasualitatea al da eraso hauek egiten dituztenak inpunitate giro batean aritzea?

3. Bestalde, pasibotasuna ez ezik, salagarria deritzogu ere frankismoa erabat gainditzeko memoria politikak bultzatzeko erakundeen borondate ezari. Ez zen egin trantsizioan zehar, ez zen guztiz burutu Memoria Historikoaren Legearekin, eta oraindik ere, Nafarroan agintean dagoen partiduak, UPNk, ez dio kendu nahi Iruñeko plaza baten izena frankismoaren Justizia ministroa izan zenari, Rodezno konteari, hain zuzen ere, nahiz eta horrela legearen kontra jokatu. Hau guztia pentsaezina litzateke diktaduretatik ateratako beste herrialde batzuetan, Alemanian, Argentinan edota Hegoafrikako Errepublikan, adibidez, herrialde hauetan gurean baino askoz askatzaileagoak izan direlako memoria politika publikoak.

4. Horren guztiaren ondorioz, beharrezkoa da gizartearen lana eta mobilizatzen jarraitzea, biktimen eskubideak errespetatzeko (egia ezagutzeko, justiziarako eta ordaintzarako eskubideak, alegia) eta gizarte eredu bidezkoago bat lortze aldera. Zeregin horretan urteak daramatzate Memoria elkarteek, modu publikoan, baketsuan eta irmoan lanean, eta horrela jarraituko dugu faxismoaren presentziari aurre eginez, eraso eta mehatxuen gainetik.

5. Bukatzeko, esanguratsua zaigun zerbait aipatu nahi dugu. Igari eta Bidankoze artean frankismoaren esklaboen omenezko monolitoan faxistek bakearen usoaren eskultura indarrez kolpekatu zuten, burua kentzeraino. Gerra eragin zuten, eta harro daude horretaz. Kezkagarria. Lotsagarria.

(Edurne Beaumont, Esteban Gota eta Fernando Mendiola Memoriaren Bideak elkarteko kideek ere sinatzen dute).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo