GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-jasotzea

Lau kirolari neurtuko dira «Dortoka» harriarekin

p038_f02.jpg

J.L. |

Harri-jasotzaileak makina bat lan egiten ari dira azkenaldian, eta asteburu honetan ere beraiek izango dira protagonista nagusi, gaur bertan bi lehiaketa izango baitira. Bata Berrobin, eta bestea Elgoibarren jokatuko da. Biak ala biak 18.00etatik aurrera.

Goi mailakoak Berrobin izango dira, bertan lehiatuko baitira Izeta II.a, Izeta III.a, Ostolatza eta Irigoien. Kirolariek Berrobiko harri berezia, «Dortoka» delakoa jaso beharko dute, 127 kilo pisatzen dituen harria. Hiru minutuko bina txanda egin beharko dituzte, eta Izeta II.ak duen marka apurtzen duenak 300 kiloko sari berezia ere jasoko du.

Bigarren aldiz jokatuko da lehiaketa hau, lehenengoa orain dela hiru urte jokatu baitzen. Orduan Izeta II.a izan zen garaile. Aiarrak hogei aldiz berdindu zuen harria bizkar gainean. Txanda bakoitzean hamar aldiz jasotzea lortu zuen.

Aiarra ederki moldatzen da honelako harri trakets eta bereziekin, eta gaurkorako ere faborito aterako da. Lehendabiziko ekinaldi hartan, gainera, nagusitasun osoarekin lortu zuen garaipena, izan ere, bigarren sailkatu zen Ostolatzari sei jasoaldiren aldea kendu zion, eta Izeta III.ari eta Irigoieni, berriz, zortzina. Gaurkoan Irigoien izan dezake aurkaririk gogorrena. Errezildarrak azken hiru urteotan gora egin du, eta ahaleginduko da Berrobin ere Izeta II.a estu hartzen.

Elgoibarren, berriz, gazteak izango dira nagusi, eta askorentzat gainera, gehienak ezezagunak. Bertako San Bartolome saria jokatuko da, eta 30 urte baino gutxiagokoentzat antolatu da aurten. Izeta IV.a, Goikoetxea, Belloso eta Ariztegi neurtuko dira. Kirolari bakoitzak hiru minutuko hiru txanda izango ditu, eta hiru harrirekin egin beharko dute lan. 100 kiloko zilindro zaharra, pisu bereko kubikoa eta pisu bereko bola erabiliko dituzte. Guztira jasoaldirik gehien egiten dituenak lortuko du garaiena, hiru harriak pisu berekoak baitira. Izeta IV.a da lauretan eskarmentu handiena duena, eta bera izango da irabazteko faborito nagusia. Zarauztarrak ere gora egin du, eta oso maila onean ari da orain lanean.

Badirudi Goikoetxea izan daitekeela haren aurkaririk gogorrena, baina zaleen ustez, Izeta agertzen da faborito. Lehiaketa garrantzitsua izango da, orain arte ia plazan ikusi ez diren hiru harri-jasotzaile ikusiko baititu jendeak, denak ere gazteak, eta honelako lehiaketak oso garrantzitsuak dira kirolarientzat, eta kirol honek aurrera egin dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo