Mutrikuko babes dikea amai dezan eskatu diote Lakuako Gobernuari
Segurtasun arrazoiengatik eta bertako ekonomia sustatzeko beharrezkoa dela argudiatuta, Mutrikuko hainbat talde politiko eta sozialek, babes dikeak proiektuan zehaztutako luzera izan dezan falta den zatia amaitzeko eskatu diote Lakuari. Egungo Etxebizitza, Herri-Lan eta Garraio Sailak geldirik dauden lanen konponbide guztiak aztertuko dituela esan baitu. Bestalde, Mutrikuko Berdeak eta Independenteak plataformak akordioa gaitzetsi eta erreferenduma eskatu du.
Maider EIZMENDI |
Mutrikuko talde politiko eta sozial hainbatek idatzi bat adostu dute, Lakuako Etxebizitza, Herri-Lan eta Garraio Sailari babes dikea «luzera osoan» egin dadin eskatzeko. Udaleko batzar aretoan egindako ekitaldian, EAJko, EAko, ezker abertzaleko eta PSEko ordezkariek izenpetu zuten testua, bai eta herriko hainbat eragiletakoek ere. Josebe Astigarraga alkateak irakurri zuen testuan zehazki, «Mutrikuko Portuaren Plan Berezian jasotzen den obra Mutrikurentzat beharra eta helburu historikoa» dela ohartarazi dute «segurtasun arrazoiengatik eta egungo zein etorkizuneko garapen ekonomikorako». Zentzu horretan, Iñaki Arriolak gidatzen duen Lakuako sailari «babes dikearen behin betiko proiektuan jasotzen den moduan, babes dikearen luzera osoa» burutzeko eskatu diote.
Egun Mutrikuko portuko lanak geldirik daude, eta hasiera batean 600 metro izan behar zituen babes dikeak 440 metro ditu. Proiektuari aldaketa bat egitea beharrezko ikusi zuen aurreko Lakuako Gobernuak, aurrera egin ahal izateko beharrezko harri blokeen tamaina handitzea oinarrizko jo baitzuen. Aldaketa horrek obra enkantean atera zutenean ezarritako aurrekontua %20 handitu zuen eta lanak egiten ari zen enpresak kontratua bertan behera uzteko eskubideari heldu zion.
Lakuako Etxebizitza, Herri-Lan eta Garraio sailburu Iñaki Arriolak bestalde, proiektua berraztertzeko asmoa agertu zuen eta adierazi zuenez, jada eraikita dagoena errespetatuta, aurrerantzean teknikoki dauden konponbide guztiak aztertuko ditu bere sailak.
Sinadura ekitaldiaren ostean elkarretaratzea egin zen. «Babes dikea amaitu!» zioen pankartaren atzean berrehundik gora bizilagun elkartu ziren.
Udalbatza berezia
Ordubete lehenago udalbatza egin zuten. Bertan Udalean ordezkaritza duten talde guztiek, Mutrikuko Berdeak eta Independenteak herri plataformak izan ezik, onarpena eman zioten testuari.
Azken udal talde honek, hainbat elkarteren sostenguarekin, historikoki eskatu dena, portuaren sarrera segurtatzea, neurri handi batean lortu dela ohartarazi, eta egungo portuak arrantza jarduerak, akuakultura jarduerak eta aisialdi jarduerak hartzeko nahikoa toki duela adierazi zuen. Era berean, obra honek sortutako kalteak «konpontzen hasteko ordua» dela ere azaldu zuen. «Merkatu hipotetikoetan ahaztu eta herritarrok herrian gustura bizitzeko ideiak eta bideak gauzatzeko garaian gaude», nabarmendu zuten zinegotziek.
Azkenik, erreferenduma egiteko ere eskatu zuten Mutrikuko Berdeak eta Independenteak herri plataformako ordezkariek. Hauek babes dikea bere horretan uztearen eta hondartzak zuen «norabidea, fisionomia eta dimentsioa berreskuratzeko proiektu» baten alde daude eta, hori dela eta, udalbatzan akordioaren kontra bozkatu zioten.
Udalean ordezkaritza duten taldeek, Berdeak eta Independenteak Herri Plataformak izan ezik, aldeko botoa eman zioten testuari. Herri plataformak «herritarren interesen aurkakotzat» jo zuen testua.
Talde politikoek ez ezik, herriko hainbat eragilek ere eman diote sostengua testuari: merkatariek, ostatu eta landetxe jabeek eta Mutriku Bizirik-ek besteren artean.