Kontxako Banderaren aurkezpena
Bandera bana irabazleentzat, sexuen arteko berdintasunaren izenean
Irailaren 3an 24 taldek hartuko dute parte kanporaketan. Emakumeak 12 eta 13an lehiatuko dira eta 11 taldek hartuko dute parte.
Arnaitz GORRITI-Asier AIESTARAN |
Kontxako Banderaren aurkezpen ekitaldia izan zen atzo Donostian. Donostiako alkate Odon Elorza, Lakuako Gobernuko Kirol zuzendari Patxi Mutiloa, EITBko zuzendari Alberto Surio eta Kutxaren izenean Iñaki Almandoz izan ziren bertan.
Berdintasuna izan zen aurkezpeneko elementu garrantzitsuena. Izan ere, arrauneko hitzordu nagusian, 1879az geroztik bigarren aldiz, emakumeen traineruak ere bandera eskuratzeko lehiatuko dira. Hartara, bi bandera izango dira bi irabazlerentzat. Alde batetik, 24.000 euro eta bandera irabaziko ditu gizonen saileko irabazleak eta, bestetik, 6.200 euro eta «trapua» emakumeen artean irabazle ateratzen den taldeak.
Iazko eredu bera jarraituko du 2009ko edizio honek ere. Hala, irailaren 3an jokatuko da gizonen ohiko kanporaketa. Bertan, 25 taldek hartuko dute parte, Kontxako estropadan Donostiako taldearekin batera parte hartuko duten gainerako zazpi traineruak zeintzuk izango diren jakiteko. Ohi bezala, hilaren lehen igandean bi txandatan, hiru itsas milia betez, lehiatuko dira zortzi parte-hartzaileak eta astebete geroago, denboren arabera, azken txanda lehiatuko da.
Emakumeen estropada, aldiz, hilaren 12 eta 13an izango da. Horretan 11 taldek hartuko dute parte: Bizkaiko selekzioak, Ferrolgo A Cabanak, Club de Natacion Badalonak, Club de Remo Badalonak, Mecos-ek, Getaria-Tolosak, Hondarribiak, Astillerok, Zumaiak, Ur Kirolak-ek eta iazko irabazle Galizia-Rias Baixasek.
Milia eta erdiko ibilbidea bete beharko dute aurten ere, baina, iaz ez bezala, sailkapena ez da erlojuaren aurka izango, hiru txandatan baizik. Denbora onena egindako lehenengo laurak sailkatuko dira hurrengo eguneko finalerako, baina, esan behar larunbateko denborak ez direla aintzat hartuko. Beraz, igandeko irabazlearentzat izango da Kontxako bandera.
Dopinaren aurkako lehia asko zorroztuko du, antza, «arraunaren olinpiadak». Hala, Hondarribia Arraun Elkarteko presidente Joxemi Elduaienek aipatu zuen moduan, «badirudi antolakuntzak serio hartu duela dopinaren aurkako borrokaren kontua. Kortikoideen eta abarren erabilerari buruzko dokumentuen aurretiazko abisua, esaterako, oso egokia iruditzen zait. Badirudi antolakuntzak ongi ulertu duela Kontxa lehen mailako kirol gertakaria dela».
Flaviobriga bandera
TKE Ligak beste asteburu bat izango du. Hasteko, gaur bertan Flaviobriga estropada jokatuko da Castro Urdialesen. Bertoko traineruak 2006az geroztik garaipena bilatu du San Miguel Ligan.