GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Informatzea, babestea eta prestatzea dira A gripeari aurre egiteko neurriak

Atzo Paueko prefetak A gripeari aurre egiteko kontsignak eman zituen: informatzea, babestea eta prestatzea. Neurri guztiak abian direla jakinarazi zuten hezkuntzako eta osasun zerbitzuetako arduradunek.

Idoia ERASO |

Heldu den ostegunean hasiko den ikasturteari begira, Pirinio Atlantikoko prefet Philippe Reyk, Akademiako ikuskariak, Osasun eta Gizarte Gaietako zuzendariak eta Babes Zibilerako ministerio arteko zerbitzuko buruak prentsaurrekoa eskaini zuten atzo. Prebentzioaren garrantzia izan zen erakundeetatik helarazi nahi izan zuten mezu nagusia.

Pirinio Atlantikoetako departamenduan berrogeita zazpi pertsona kutsatu ditu A gripeak hamasei jatorri ezberdinetatik. Ipar Euskal Herriko datu zehatzik eman ez baldin bazuten ere, Biarnoan baino kasu gehiago izan direla nabarmendu zuten. Horren zergatia turismoak Iparraldeko hiru lurraldeetan Biarnoan baino indar handiagoa izatea dela azaldu zuten.

Pandemiak urriaren erdialdetik aurrera joko du gogorren erakundeek nabarmendu zutenez. Pandemiari aurre egin ahal izateko neurri guztiak hartuak direla ere adierazi zuten, esaterako, maskarak dohainik banatuko dira. Txertoa oraindik prestatzen ari baldin badira ere, txertaketa kanpaina aurrera eraman ahal izateko prestakuntza duten langileekin harremanetan ari dira jada.

Philippe Carriere, Pirinio Atlantikoetako Akademiako ikuskariak, hezkuntza arloari dagokionez, ikasturte hasierarako dena prest dagoela ziurtatu zuen. Hala ere, gaixotasuna ahalik eta gutxien zabaltzeko denen laguntza ezinbestekoa dela oroitarazi zuen. Gurasoei deia zabaldu zien haurrek lehen sintomak dituztela antzemandakoan eskolara bidal ez ditzaten.

Michele Coiffek, Osasun eta Gizarte Gaietako zuzendariak, jakinarazi zuen Tamiflu botika ez dela hasieratik erabiliko birusa indartsuago bihurtzeko arriskua dagoelako. Aldi berean gaixoak hasieran espero zena baino lehenago sendatzen ari direla jakinarazi zuen.

Sarritan aholkatu dituzten prebentzio neurriak oroitarazi zituzten atzo, besteak beste, eskuak sarritan garbitzea eta erabili ondoren botatzen diren mukizapiak erabiltzea. Behin pandemia hasten denean, agurtzean eskua ez ematea eta doministiku eta eztula egitean ahoa eskuarekin estaltzea komeni dela azaldu zuten.

Enpresak

Euskal Herriko eta Biarnoko Enpresa Txiki eta Ertainen Konfederazioak atzo jakinarazi zuen heltzear dagoen pandemiak enpresa guztietan izango duela eragina eta oraingoz zenbaterainokoa izango den ezin dela aurreikusi. Hainbat gomendio eman zituzten egoerari aurre egiteko.

Eritasunak izango dituen ondorio ekonomikoei dagokionez, bezeroen araberako egokitzapena egitea gomendatu dute, zerbitzuak ziurtatu ahal izateko hierarkia bat ezarri eta garrantziaren araberako zerrenda osatzea. Derrigorrezko jarduera ziurtatzeko oinarrizko baliabideak aurreikustea proposatu du Konfederazioak. Langileei dagokienez, eremu ezberdinetarako prestatzea gomendatu dute. Materialen gordailua aurretik prestatzea eta beharrezkoak diren lanak urrunetik eskaini ahal izateko baliabideak ezartzea.

Higieneari dagokionez, langileei hartu beharreko neurrien berri emateko gomendatzen du elkarteak. Kontaktu fisikoak ahal den neurrian murrizte. Azkenik gaixotasun garaiari aurre egin ahal izateko, ekipamenduak eskuratzea garrantzitsua dela adierazi dute, lana urrunetik egin ahal izateko, baita kutsatzeak saihesteko behar beste material erostea ere.

IKASTURTEA

Pirinio Atlantikoetako Akademiako ikuskariak pandemia ahalik eta gutxien heda dadin gurasoen laguntza eskatu zuen eta haurrek lehen sintomak dituztenean eskolara ez bidaltzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo