GARA > Idatzia > > Kultura

Sanchez Ostiz: «Oteiza legeetatik at bizi zen poeta errebelde eta intsumisoa zen»

 

GARA |

Egunotan Nafarroako Unibertsitate Publikoa Jorge Oteizari buruzko udako ikastaroaren lekuko da, eta atzokoan Sanchez Ostiz idazle iruindarra izan zen protagonista. Ostizek oriotarraren lana, «poeta Maverick» batena zela aipatu eta artista legeetatik at bizi zen «errebelde eta intsumiso» gisa definitu zuen.
“Jorge Oteiza, poeta Maverick” izeneko hitzaldian, Ostiz poesiaz mintzatu zen, eta, bere esanetan, artistarena «urgentziak bideratutako ahozko uholdea» da. Gaineratu zuenez, Oteizaren lanetara gerturatuta, «ezinegona» sentitzen da, hori dela eta, bere lanak irakurri egin behar direla aholkatu zuen. Izan ere, idazlearentzat Oteizaren poesia «abiapuntu garrantzitsua» da. Bide beretik, bere esanetan, «Jorge Oteizaren poesia ez da amaitua den zerbait, barne bidaia baterako abiapuntua baizik».
Hitzaldian, bestalde, Ostiz oso kritiko azaldu zen Oteizaren irudi ofiziala baztertu nahi izan duten ika-mikekin. Hala, adierazi zuenez, «80ko hamarkadatik hona, Oteizaren irudi ofiziala hondatuko lukeen guztia desagertu egin da». Halere, «politika baztertzea eta Oteizaren poesian presente dauden sistemarekiko istiluak baztertzea, dena alde batera uztea» dela azpimarratu zuen.

Profetikoa

Horrela, idazleak eskultore oriotarrak «ukitu profetikoa zuten poema politikoak» idatzi zituela aipatu zuen, zeintzuetan «erradikal eta nazionalista» agertu zen. Hala, «batere zuzenak ez diren poema» gisa definitu zituen Ostizek.
Horregatik, «establishment guztiek Oteizak izandako ika-mika guztiek poemak sortu zituzten» eta «irakurtzea nahikoa da Oteizaren autobiografia bat izateko; baita herriarena ere», adierazi zuen idazle nafarrak. Gauzak horrela, halere, Oteiza hil zenean «jarraitzaile asko eta bizi zenean pentsa ezin zitezkeen irakurle asko» atera zitzaizkiola gaineratu zuen. «Artistaren aurkako jarrerak izan zirenean, non zeuden horiek?», galdetu zuen Ostizek.
Hitzaldia NUP-en “Oteiza, lenguajes artísticos. Danza y Poesía” udako ikastaroaren barnean eman zuen idazleak. Bigarren zatian Jon Maya koreografoak eta Mireia Gabilondok “Otehitzari biraka” lana eskaini zuten. Oteiza protagonista izaki, dantza, musika, hitza eta poesia uztartu zituen lanak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo