Harri-jasotzea Dordoka Harria Txapelketa
Irigoienek zegoen marka onduz jantzi du txapela
Izeta II.ak zeukan errekorra sei jasoalditan ondu zuen errezildar gazteak, nahiz eta aiarrak ere berea lautan hobetu zuen. Ostolatzak eta Izeta III.ak ere beraiek zituzten marka pertsonalak hobetu egin zituzten.
Jon LEUNDA | BERROBI
Aimar Irigoienek irabazi zuen herenegun arratsaldean Berrobin jokatu zen Dordoka Harria Txapelketa. Errezildarrak, gainera, aurretik zegoen marka apurtu zuen. Izeta II.ak zeukan 20 jasoaldirekin, baina Aimarrek sei gehiago eman zizkion.
Jende asko batu zen Berrobiko plazan saioa zuzenean ikusteko asmoarekin. Lau kirolari lehiatu ziren, eta aurrean, berriz, 127 kilo pisatzen dituen harri traketsa zuten lanerako. Berarekin lanean aritzeko, aldiz, kirolari bakoitzak hiruna minutuko bi txanda izan zituen. Lehen zegoen marka apurtzen zuenak, gainera, sari berezi bat ere bazeukan. Lanari ekin aurretik, harri-jasotzaile bakoitzak eskuak garbitu behar izan zituen.
Orain arteko txapelduna, Izeta II.a alegia, izan zen lanean hasten lehenengoa. Aiarra bikain aritu zen, eta lehen txanda honetan hamaika aldiz berdindu zuen harria bizkarraren gainean. Atzetik bere anaia lehiatu zen, eta hau ere dotore aritu zen, zazpi jasoaldi emanez.
Orain dela hiru urteko lanari erreparatuta, bi aiarrek orduko lehen txandan egindakoa ondu egin zuten. Irigoien hirugarren aritu zen lanean, eta honek sekulako astindua eman zion harriari. Errezildar gazteak hamabi aldiz berdindu zuen harria bizkarraren gainean. Aurreko txapelketan emandako adina jasoaldi txanda bakar batean eman zizkion, eta txapela lortzeko faborito nagusia bihurtu zen horrenbestez.
Lanean aritzen azkena Joseba Ostolatza izan zen. Zestoarra ere ez zen gaizki aritu, nahiz eta estreinako jasoaldiarekin arazo batzuk izan zituen, batez ere gerrira ekartzerako garaian. Aldiz, lehen arazoak gainditu eta txukun aritu zen ostean, azkenerako zazpi aldiz jaso zuelarik Dordoka.
Hobetuz
Bigarren txanda sekulakoa egin zuten kirolari guztiek. Izeta II.a izan zen berriz ere lanean hasten lehena, eta hamahiru aldiz jaso zuen harria, lehen txandan baino bi gehiago. Beraz, Aimarri gauzak estu eta zail jarri zizkion, gutxienez hamahiru jasoaldi egin behar baitzituen errezildarrak txapela lortzeko.
Irigoien ez da kikiltzen, eta sekulako erakustaldia eman zuen, hamalau aldiz berdindu baitzuen Dordoka bizkarraren gainean. Txapela berea zen, eta zaleek ederki eskertu zuten eman zuen erakustaldia.
Atzetik, Joseba Ostolatzak ere lan bikaina egin zuen, eta lehen txandan baino lau jasoaldi gehiago eman zizkion, guztira hamaika aldiz jasoz eta hirugarren postua segurtatuz. Izeta III.ak ere ez zuen atzera geratu nahi izan eta honek ere bere marka hobetu zuen; hala, lehengo txandan baino jasoaldi bat gehiago eman zion harriari, guztira zortzi aldiz jasoz.
Txapelketa hau bigarren aldiz jokatu zen herenegun. Lehen ekinaldian ere kirolari berak aritu ziren, baina oraingoan denek gainditu dituzte orduko markak.
Harri-jasotzaileak torneo asko ari dira jokatzen uda guztian zehar, eta horiei egin beharreko erakustaldiak gehitu behar zaizkie. Nahiz eta denei lanaren nekea sumatu, Berrobin izan ziren lau kirolariek lan bikaina egin zutela azpimarratu behar da.
Elgoibarko San Bartolome Torneoan ez zen inolako ezusterik izan, eta Izeta IV.ak irabazi zuen. 30 urtez azpiko lau kirolari neurtu ziren, eta zarauztar gazteak aise bereganatu zuen saioa. 100 kiloko zilindro zaharra, kubikoa eta bola erabili zituzten, eta bakoitzarekin hiru minutu izan zituzten lanerako. Izeta IV.ak 81 jasoaldi eman zituen guztira. Bigarren Belloso izan zen 76 jasoaldirekin; hirugarren Goikoetxe 71 jasoaldirekin, eta azkena Ariztegi 68rekin.