GARA > Idatzia > > Kultura

Pink Floyd taldeko Roger Watersek israelek Zisjordanian eraiki horma salatu du «Walled Horizons» filmean

Pink Floyd taldeko kide gisa da ezaguna Roger Waters, besteak beste, «The Wall» maisulanaren sortzailea. Orain baina, beste horma bat hartu du ahotan, Israelek Zisjordanian eraikitako harresia, eta palestinar herriari hesiak pairarazten dion sufrimenduaren berri ematen digu iragan asteazkenean ekialdeko Jerusalemen estreinatu zuten «Walled Horizond» filmean.

p042_f01_250x136.jpg

Anartz BILBAO

Harresi ikaragarri baten ondoan ikusten dugu Robert Waters «Walled Horizond» film laburraren hasieran, eta Ariel Sharon lehen ministroak «Israeldar estatuaren babesa bermatu eta areagotzeko asmoz» horma eraikitzeko erabaki sendoa agertzen du gero, 2.002ko irudietan.

Dokumental laburrak 15 minutu irauten ditu, Yohan Eriksson finlandiarrak zuzendu du (Waters du gidari) eta dagoeneko ikusgai dugu Interneteko Youtube atarian. NBEk ekoiztu du eta Nazioarteko Justizia Auzitegiak harresia legez kanpokotzat jo zueneko bosgarren urtemugan filmatu dute, «lotsaren harresia» deiturikoaren eraispena aldarrikatzeko.

Film laburraren gidari Robert Watersek bertan dioenez, «beldurra da pareta guztien arrazoia beti, ikaratutako gobernuek eraikitzen dituztenak». Pink Floydek 1979an plazaratu «The Wall» diskoaren kantu gehienen egile den biolontxelistaren esanetan, «segurtasun falta sakon baten adierazpide» dira aipagai ditugun hormak.

Israel 2.003an hasi zen «segurtasun hesia» eraikitzen, aurreko urtean palestinarren matxinada medio beraien lurraldean jasandako eraso suizidak saihesteko asmoz. Eta filmak egun segurtasun alorreko ardurak dituzten israeldarrak aurkezten ditu -hesiaren eraikuntza lanetan esku hartu dutenak-, baita eraso suiziden artxiboko irudiak ere.

Palestinarrentzat, berriz, hesia «apartheid horma» bat baino ez da, Zisjordaniako lurraldea zatikatu, eta familiak banatu eta nekazariak beraien lurretatik aldentzeaz gain (harresiaren erruz lur hektarea batzuk galdu dituen nekazari bat agertzen da pelikulan), ekialdeko Jerusalemera bidea eragozten duena, palestinarrentzat etorkizuneko hiriburu litzatekeena. Film laburraren bidez «auzokidearen lorategian hesi bat eraikitzea onartezina dela aldarrikatu nahi dugu», esan du Yohan Eriksson zuzendariak.

Israelgo Gobernuak 2.002ko ekainaren 23an adostu zuen «segurtasun hesia» eraikitzea. Harresiak dagoeneko 413 kilometro luze ditu, eta 721 kilometrora heltzeko aurreikuspena. Lanak hormak, alanbre-hesiak, zazpi metro luzeko porlanezko horma, lubaki eta gune militar debekatuak hartzen ditu, NBEren arabera. Behin bukatuta, «lotsaren harresia»-ren %85 Zisjordania barruan egongo litzateke (gune batzuetan lurraldean zehar hogei bat kilometro barneratuz), 35.000 palestinar hartzen dituen lurralde horren % 9,5 gutxituz. NBEko Giza Eskubideen Batzordeak lanak bertan behera utzi eta hesia eraistea eskatzea onartu zuen Genevan 2.004ko apirilaren 15ean (27 aldeko boto, 24 abstentzio eta kontrako birekin).

NBEk palestinar errefusiatuentzat duen laguntza agentziako bozeramaile Chris Gunnesen ustez, «pelikulak orekaz agertzen du hesiaren auzia eta mezu indartsua du». Israelek ordea, sarri leporatu dio Nazio Batuen Erakundeari palestinarren aldeko jarrerak agertzea.

Watersen bidaiarekin bukatzeko, «kartzela erraldoi batean bizitzearen ideiak izutu egiten nau» dio musikariak, porlanezko harresi ondoan dabilela. Eta azken eszenetan, palestinar uholde bat ageri du lanak, alanbre-hesiz jositako igarobide batean pilatuta, presa israeldar bat gurutzatu nahian dabiltzanak.

Pink floyden «The Wall»

1943ko irailaren 6an Great Bookhamen jaioa (Erresuma Batua), Robert Watersek Pink Floyd taldearen gidaritza hartu zuen, David Gilmourrekin batera, Syd Barrett erretiratu zenean. 1979an taldearen harribitxi «The Wall» (horma) opera rock disko bikoitza plazaratu zuten, Bob Ezrinek ekoiztua, 70eko hamarkadan plazaratu diskorik arrakastatsuenetarikoa (eta salduena, noski).

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo