GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Bazkari sexista egin zein salatu dute Laudioko Kofradia Egunean

Datorren urtean ikustear dago, baina atzo beste behin Laudioko Kofradia Eguneko bazkarian ez zen emakumerik izan. Herritar talde batek kofradiakideen jarrera salatu zuen «eguna aldatu bai, baina emakumeak onartzeko inolako ahaleginik egin ez dutelako». Bazterkeria onartzen ez duen bazkari herrikoi eta betorik gabearen aldeko apustua egin zuten.

p013_f03_111x111.jpg

GARA

Beste behin ere emakumeek ez zuten atzo tokirik izan Laudioko Kofradia Eguneko bazkarian. Emakumeak kofradiakide izan daitezke, baina 1599. urtean onartutako arauaren arabera ez zaie onartzen egun honetan egiten den bazkarian parte hartzea. Arartekoak eta Berdintasunaren Defentsa Bulegoak ere eman dituzte emakumeak onartuak izan daitezen gomendioak, baina otsailean egindako batzar nagusian kofradiakideen gehiengoak emakumeek bazkarian parte hartzearen alde egin bazuten ere, ehunekoa ez zen beharrezko %75era iritsi. Azaroan beste batzar bat egingo da eta kofradiakideen erdiek balekoa emanez gero datorren urtean emakumeek ere parte hartu ahal izango dute bazkarian.

Etorkizunean gerta daitekeena ikustear, atzo eguardian emakumeei jarritako betoa salatzeko agerraldia egin zuen herritar talde batek. Bertan, Kofradiak Berdintasunaren Legea urratzen jarraitzen duela salatu zuten. Berdintasunaren bidean oztopo diren horrelako ekimenak mantentzea tristea dela ere nabarmendu zuten eta are gehiago «gure kultura mantendu eta zaintzeko tradizioei heldu behar zaiela bezalako argudioak entzutea».

Zentzu honetan adierazi zuten 1599ko arauan, emakumeei betoa jartzeaz gain, ospakizun datari ere egiten zaiola erreferentzia eta, horri jarraituz, bazkariaren ospakizuna San Roke Egunaren hurrengo igandean ospatu beharko zela; hau da, hilaren 23an. «Argi dago, hortaz, kofradiakideek euren araudiari muzin egin eta bazkariaren egun historikoa aldatu dutela, baina, aldiz, ez dutela bazkari horretarako zerrendan emakumerik onartzeko inolako ahaleginik egin», nabarmendu zuten. Euren esanetan, kofradiakideen jarrera salagarria da oso, «sorrera arauen interpretazioa euren onurarako eta babeserako soilik egiten dutelako, manipulazioa tresna gisa erabiliz».

Kofradia sexistarik ez! plataformaren ustez, legearen aurka jotzen duten ekimenek ezin dute lekurik izan jai eredu parte-hartzaile eta parekide batetan. Horrez gain, Kofradia Egunarekin berarekin ez dutela inolako identifikaziorik sentitzen ere adierazi nahi izan zuten, «horrelako izen eta egunek jarrera atzerakoi eta arkaikoei bakarrik egiten baitiete mesede».

Protesta gisa, agerraldia egiten zuten bitartean 200 ahulki jarri zituzten plazan, legearen arabera bazkarian parte hartu behar lukeen emakume kopuruari erreferentzia eginez. «Ekimen honek sentimendu bat adierazten du, emakume eta gizonezkoen eskubideen egikaritza integralari erreferentzia egiten diona», ohartarazi zuten. Plataformako kideen apustua argia da: bazterkeria onartzen ez duen bazkari herrikoia eta betorik gabea egitea. Azken finean, herriko berezitasunak bere egingo dituen Laudio hurbil eta anitzaren alde agertu ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo