Potr... kokoteraino!!!
Markel IRIZAR | Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia
Lehenik eta behin buelta honetan zehar lagun izango ditugun irakurle guztiak agurtu nahiko nituzke. Atzo Txurruk aipatu bezala, Herbeheretan gaude, Assenen, motorren katedralean. Padock-ean egin genuen arrabola eta gure Irizar motor homean aldatu ondoren, 400.000 pertsonen aurrean egin genuen erlojupekoa. Gainera, helmugan une batez denbora onena eduki nuen eta aurreneko postua galdu arte podiumean egon behar izan nuen, Valentino Rossi berbera bezala. Une batez ametsetan ere hasi nintzen..., nahiz eta berehala iratzarrarazi ninduten.
Gaur bestelakoa izan da eguna. Txirrindu lasterketak egiteko toki izugarri arriskutsua da Holanda. Eguraldi aldakorrak, haize indartsuak eta lanera joateko edo aisialdirako ikaragarri ongi dauden bidegorriak banatzen dituzten harmaila eta seinaleek lasterketak izugarri arriskutsu bihurtzen dituzte. Baliteke kontraesana izatea, baina bizikletentzat ongien prestaturik den herrialdea lasterketarako okerren prestatutakoa da. Horregatik, egin ideia nolako eguna izan dugun: 200 kilometro, euria irteeratik, haizea saihetsetik, Jasone Osorok botak zintzilikatu zituen argindar kableak baino tentsio gehiago pelotoian eta bi kilometroan behin erorketa bat ekin beharra. Hori gutxi balitz, harbideak. Eta baita hegazkinen aireratze pistan bueltatxo bat ere, ia-ia beraien abiaduran! «Ipurtaundi» batzuk gustura ibili dira, baina libra erdi ere pisatzen ez dutenak jainko eta santu guztiekin gogoratu dira.
Bi helburu ziren betetzekoak: bata Samuel aurrean sartzea, eta bestea amonaren desioak betetzea. Aurrenekoa ozta-ozta bete dugu eta bigarrengoa? Horrela esan zidan amamak: «Ahal duzuna egin, baina minik hartu gabe etorri!». Ia ezin amonari gustua egin. Lau kilometro faltan, Rubierak atzetik jo eta hankak pedaletik aterata ez gara gutxigatik lurrera joan! Besterik gabe, badakizue nola izan den gure eguna eta izenburuan jartzen nuen lekuraino bukatu dugu. Bai, asmatu duzue, kokoteraino!!! Kar, kar, kar. Etzi arte, ea bihar Txurru zer konturekin datorkigun...