GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Buruan gordetakoak, argazkirik ederrenak

Urrutira zihoalako, denbora luzean ikusiko ez nuelako eta seguru asko pentsatzen zuelako egunen eta hilabeteen joanean ez nintzela bere aurpegiaz gogoratzeko gai izango. Horregatik, seguru asko, abiatu aurretik bere argazkitxoa eman zidan gorde nezan eta bere aurrean jaso nuen batak eta besteak emandako beste argazkien artean lekua eginda.

Luze jo du ordutik, baina denbora honetan guztian ez dut behin ere karteratik argazkia atera behar izan bere aurpegia irribarretsu gogoratzeko, elkarrekin bizi izandako pasadizoez akordatzeko, esan zizkidanetatik eta ez zizkidanetatik ikasitakoa baliatzeko; horiek guztiak karteran ez, argazkietan ez, bihotzean eta buruan gordeta baitauzkat. Noizean behin, begiak ixtea edota elkarrekin zapaldutako kaleetatik igarotzea nahikoa dut oroitzapen zaparrada jasotzeko.

Oporretan joan eta egindako argazkiekin ere gauza bera gertatzen zait. Etxera bueltan denak jaso eta txukun-txukun antolatzen ditut, baina oso gutxitan kendu behar izaten diet hautsa, ez dut haien beharrik ikusitako parajeak, izandako sentimenduak edota bertan ezagututako jendeaz oroitzeko, orain artean mugarik erakutsi ez duen biltegi handian dauzkat gordeta haiek ere.

Baina hark bere argazkia eman nahi izan zidan badaezpada, urrutian ere presente egon nahi zuelako eta memoriaz justuago dabiltzanei azal niezaien nor zen eta non eta zergatik zegoen.

Orain gutxi karteratxoa indarrez ebatsi zidaten, ordea, lapur batzuek kalean eta honekin batera barruan ondo gordea nuen haren argazkia ere bai.

Orain artean ez dut bere iruditxoaren beharrik izan apenas, baina argazkirik ez, eta badaezpada lehen ez bezala saiatzen naiz orain beraren aurpegia gogoratzen, ondo gordeak ditudan irakaspenak freskatzen, elkarrekin igarotako pasadizoak eguneratzen; orain lehen baino indar gehiagoz eta temosoago, agian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo