Aritz Aranzabal Ibarrola Antiguako Errauskailuaren Aurkako Taldeko kidea
Errauskailuari arrazoiak kenduz, zorionak Piratak!
Donostia abordatzea lortu zuten piratek pasatako Aste Nagusi honetan. Abordatu, gainera, zentzu askotan. Izan ere, beren aldarrikapen nagusia, ozen aldarrikatzeaz gain, ederki asko lortu baitzuten: jaia herrikoia eta parte-hartzailea izatea. «Gazte zein heldu, elkarrekin abant!» zen aurtengo leloa, eta horri men eginez, gizarte mugimendu eta aldarrikapen askorekin «elkarrekin abant» egin zuten, jaia are gehiago herrikoituz.
Piratek errausketaren aurkako herri mugimenduarekin elkarlana izan dute Aste Nagusi honetan, eta horren ondorio dira aurreko urteetan hartutako neurriei (baltsetarako poltsa berrerabilgarriak derrigortzea) aurten gehitutakoak: kontzertuetan edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeko apustua, baltsak muntatzean hondakinak murrizteko irizpideak zabaltzea, eta azkenik herri bazkari jendetsuan materia organikoaren bilketa selektiboa egitea, eta horretarako jendea informatzeko lana burutzea.
Ehun eta laurogei kilo materia organiko bildu zituzten Piratek 1.000 lagun inguruko bazkarian, ondoren konpostatzera bideratuak izan zirenak. Honela, errauskailuaren aurkako alternatiben funtsa non dagoen eta zein erraza den agerian utzi zuten. Esan beharra dago Donostiako Udala materia organikoa 2001etik bereizita biltzera derrigortuta dagoela, baina errauskailuaren mesedetan dena nahastuta biltzen jarraitzea nahiago duela, legedia urratu duen urte guztiotan erakutsi duen bezala.
Gainera, orain 5. edukiontzia edo kontenedorea beren lan «berdearen» erakusgarri gisa jarri nahi dute, baina berriro ere iruzur egiten digute: 5. edukiontziaren sistemak birziklatze-tasan goi-muga oso baxua du, jendea ez baitago materia organikoa bereizita biltzera derrigortuta eta edukiontziek bilketa gaizki egiteko anonimotasuna bermatzen baitute. Lortu nahi duten birziklapen tasa baxu horren arrazoia errauste planta elikatzeko beharrean dago: erretzeko hondakinik ez duen errauste planta ez da bideragarria. Atez ateko bilketak berriz, birziklapen tasa %80 ingurukoa du ezarri eta denbora gutxira, ekonomikoki merkeagoa da eta giza osasuna eta ingurumena aintzat hartzen ditu.
Piratek eredugarri jokatu dute Aste Nagusi honetan, egin zezaketen onena eginez: batetik, jendea hondakinen arazoaz kontzientzatuz, eta bestetik, Udalak egin beharreko lanak beraiek eginez, denon eredu bilakatuz.
Zorionak, Piratak, eta mila esker!