GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Fernando Nuin Gurbindo

Bañaraingo udal haur-eskolak: zalantza eta haserre artean

Zalantza, haserre eta kezka dira Barañaingo udal haur-eskoletan matrikulatutako haurren gurasoengan sentimendu nagusiak. Barañaingo Udalaren jarrera da sentimendu hauek sorrarazten dituena, baita argibide eza ere.

Behin matrikulatzeko epea bukaturik, Hezkuntza zinegotziak, datorren ikasturteari begira Nafarroako Gobernuan kontuan hartutako ratioak aintzakotzat hartuko dituztela jakinarazten digu bidalitako ohartxoan, hau da, gure seme-alabak hezteko hezitzaile kopurua murriztuko dutela, hau guztia, heziketako kalitatea txikitu gabe, bere aburuz. Hau guztia kontuan harturik, eta maiz, informazio gehigarriaren eskaerari erantzunik eman ere egin ez eta gero, hainbat galderei erantzuna ematea nahi dugu:

-Barañaingo udal haur-eskoletan funtsezko aldaketak egin nahi izatekotan, zergatik ez zieten gurasoei jakinarazi matrikulatzeko epea hasi baino lehen?

-Nola izan liteke heziketaren kalitatea bermatzea hezitzaile kopurua murriztuta?

-Barañaingo udal haur-eskoletan jarraituko duten irakas-egitaraua zein da?

-Barañaingo udal haur-eskolentzat zein etorkizun espero dute epe laburrera?

-Barañaingo Udalak zer dela-eta ez ditu kontuan hartu gurasoek eskatutako argibideak?

-Matrikula egin eta hamabost egunera, aldatu ahal dituzte haur eskolako baldintzak gurasoei inolako informaziorik eman gabe?

-Gurasoen eta hezitzaileen ikuspegiak, irakas-egitarauan pisudunak al dira?

Galdera hauei guztiei erantzun ez eta Barañaingo Udalak honen inguruan asmo agerikorik ez duenez, udal haur-eskolak pribatizatuko dituztelakoan gaude, izan ere, dirua da iturburu nagusia. Barañaingo Udalaren ekonomia egoera zein den badakigu ere, heziketan inbertitzea etorkizunean inbertitzea dela ziur gaude, gure seme-alabak Barañaingo etorkizuna izanen direlako eta Udalak, heziketarako diru baliabideak murriztuz gero, etorkizunik gabeko herria sorraraziko duela.

Barañainen, heziketa publikoa eta kalitatezkoaren alde!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo