GARA > Idatzia > > Kultura

Hamabost film izango dira ikusgai Zinemaldiko Made in Spain sailean

GARA | DONOSTIA

Euskal Herrian eta Estatu espainolean azken urtean sortutako lanak izango dira protagonista urtero bezala Made in Spain sailean. Aurtengo ediziorako, Donostiako Zinemaldiak hamabost film luze bildu ditu «zaku» horretan sartzeko, non zuzendari ezagunen eta hasiberrien sorkuntzak tartekatzen diren. Hamabost lan horietatik bi, gainera, estreinaldiak izango dira; hain zuzen ere, «La pérdida» eta «Relatos».

Sail horren barnean, itzal handiko zuzendarien lanak ikusteko aukera izango dira, hala nola, Pedro Almodovar («Los abrazos rotos»), Juanma Bajo Ulloa («Historia de un grupo de rock»), Chus Gutierrez («Retorno a Hansala») eta Helena Taberna («La buena nueva») zinemagileenak tarteko. Horiekin batera, sortzaile berrien lanek osatuko dute saileko eskaintza. Aurten lehenengo ekoizpena estreinatu duten zuzendarien filmak erakutsiko dira. Horien artean daude Ventura Durall («Les dues vides d´Andrés Rabadán»), Patxi Amezcua («25 kilates»), Abel Garcia Roure («Una cierta verdad»), Lluis Miñarro produktorearen lehenengo zuzendari lana («Familystrip»), Borja Cobeaga («Pagafantas»), Mar Coll («Tres días con la familia») eta David Planell («La vergüenza»).

Made in Spain sailean aurkeztutako lanetako askok nazioarteko jaialdietan garrantzi berezia izan dute; «Los abrazos rotos» Cannesko jaialdian egon zen eta «Retorno a Hansala» lanak Kairoko jaialdian Film Onenaren saria jaso zuen.

Halaber, Patxi Amezcua iruindarraren «25 kilates» filma Torontoko jaialdian izango da, «Familystrip» bezala Karlovy Vary-tik igaro ostean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo