GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Puntu bat gora edo behera, hipoteka hipoteka da

Hipoteka hitza hain da bortitza nekez leundu daitekeela bere benetako esanahia. Inor ez da hipotekatzen halabeharrez ez bada. Inork ez luke bere bizitza beste norbaiten esku utziko, are gutxiago banku baten esku, beste aukeraren bat edukiko balu. Euriborrak azken urtean behera egin duela-eta etxebizitza erosteko hipoteka hartu behar izan duten gehienek aurrerantzean gutxiago ordainduko dutela jakin ondoren, segundo batez hartutako lasaitasuna, eta are poza ere, bertan behera geratuko da baldin eta joko honen izaera zikinari erreparatuz gero. Bestela, Euriborraren gorabeherak krisiaren gordintasuna estaltzeko erabiltzea gerta liteke.

Higiezinen burbuila dago jasaten ari garen krisiaren oinarrian. Honek ondorio zuzenak izango ditu langilerian. Batetik, langile kopuru handia zuen alor horretan jende asko langabezian geratuko da, zuzenean. Bestetik, jendeak erositako etxebizitzaren prezioak behera egingo du, baina beraiek lehengo prezio hori ordaintzen jarraitu beharko dute. Azkenik, hipoteka ordaindu ezin dutenen kopuruak gora egingo du enplegua galdu ostean eta langabeziaren ordainsaria amaituz joan ahala. Horrexegatik, Euriborraren beherapena albiste ontzat har badaiteke ere, sistema honek ezarritako hipotekak bankuak ezarritakoak baino gehiago eta latzagoak direla kontuan hartu behar da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo