GARA > Idatzia > > Euskal Herria

ADN laginak ematera deitu dituzte Lizarrako festetan atxilotutako hiru gazte

Lizarrako festetan guztira lau lagun atxilotu zituzten, batukadarekin batera egindako kalejiran parte hartzeagatik. Herriko Santiago plazan guardia zibilek sarrera oldarkorra egin, eta gazte bat eraman zuten; handik egun batzuetara beste hiru gazte atxilotu zituzten.

GARA

Gaur 10.00etan Lizarrako Auzitegian aurkeztera deitu dituzte herriko jaietan atxilotutako hiru gazteak. Beren ADN laginak ematera behartu nahi dituzte, kalejiran parte hartzeagatik atxilotu, eta kargupean libre utzi zituzten hiru lagunak.

Abuztuaren 4an, batukadarekin batera kalejira egin zuten Lizarran, festa giroan. Kalejira Santiago plazara heltzean, ehunka lekukoren aurrean, guardia zibilek sarrera bortitza egin zuten. Herritarrek zeramaten pankarta bat kendu, eta han bildutakoak sakabanatzera jo zuten. Gazte bat atxilotu zuten bertan, bi egunez inkomunikatuta izan ostean askatu zutena, kargupean. Herrian tentsio handia izan zen, eta hori nahikoa ez eta, abuztuaren 10ean, beste hiru gazteren bila joan ziren, eta epaiketaren zain utzi zituzten.

Hiru gazte horiek dira, atxilotu zituztenean, ADN laginak emateari uko egin ziotenez, gaur Lizarrako Auzitegian aurkeztera deitu dituztenak.

Horren aurrean, herritarrak ulertu ezinik dabiltza zertara datorren ADN lagina hartzearena, ez dute ulertzen kalejira batean parte hartzeak ADNarekin duen zerikusia. Lanean eta biltzen ari dira, beraz, egoerari aurre egin eta irtenbidea bilatzeko.

Herritarren artean kezka bizia sortu du. Guardia zibilek festetan erakutsitako jokabidea «astakeria hutsa» izan zela esan dute, eta epailearen eskakizuna ere horrenbestekotzat jo dute.

Guardia Zibilak bestalde, Interneten bidez Segik egindako deialdi bat zela argudiatu zuen. Bilkura dei hori beste leku batean eta beste ordu batean egitekoa zen, ordea.

Lekukoen artean hainbat zinegotzi ziren, eta hurrengo egunean bilera bat egin zuten alkatearekin, gertatutakoa salatzeko.

Autoaren aurrean errekurtsoa aurkeztu duten arren, oraingoz ez dute erantzunik izan.

mehatxu deiak

Abuztuaren 7an, ostirala, herrian gertatutakoaren ondorioz zegoen tentsioa nahiko ez eta, hainbat gaztek telefono deiak jaso zituzten mehatxuka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo