GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ertzaintzak Villabonan «inpunitate» osoz diharduela salatu dute

GARA

Villabonako amnistiaren aldeko mugimenduak ohar baten bidez uztaileko eta abuztuko gertaeren gaineko balorazioa egin du. Herrian errepresioak ez duela etenik salatu, eta Ertzaintzak lan horretan «inpunitate osoz» jokatzen duela nabarmendu du.

Horrekin batera salatu dute azken egunotan, herriko kaleetan «Viva España» dioten pintadak agertu direla. Horren aurrean poliziek duten jarrera pasiboa gaitzetsi dute, Ertzaintzak ez baititu oraindik ezabatu. Pintada hauen «iraingarritasuna» zalantzan jarriz, horrekin poliziak bere «lana borobiltzen duela» ohartarazi dute.

Herriaren babesa eskertu dute

Remi Ayestaran zinegotziaren heriotzaren ondoren, «Ertzaintzaren jazarpen neurrigabea dela medio», herriak emandako erantzuna eskertu beharrean daudela gaineratu zuten.

Esan dutenez, modu batean edo bestean, Ayestarani gorazarre egin baitio herriak. Herritarrei ez ezik, herriko saltoki, taberna eta enpresei ere eskerrak eman dizkiete, «emandako erantzun paregabea tarteko, bai greba egunean eta bai uztailak 31n, euren taberna eta lokalak itxiz, Espainiako polizia autonomikoari argi esan baitio Villabonak ospa egiteko gure herritik».

Polizia autonomikoa herrian egiten ari den «jazarpena» ez dela amaitu salatu dute. Horien presentzia, kalekoz jantzita izanda ere, «nabarmena» dela eta abuztuan zehar, dispertsioa salatzeko kartelen gainean pintura botatzen ibili direla azaldu dute. Herriko hainbat kartel eta pintada gainetik pintura botaz ezabatu nahi izan dituztela gaitzetsi dute, zeloz itsatsirik zeudenak ere halaxe. Jokabide horrekin, Poliziak herritar askoren haserrea eragiten jarraitu duela adierazi dute oharrean.

Ertzaintzaren lanari beste batzuen jokabidea gehitu diote, hala nola «`Diario Vasco'k bere kronikaren bitartez egindakoa».

Ezker abertzaleko zinegotziaren heriotzaren ondorioz festak bertan behera geratu baziren ere, kronikagileak horren arrazoia ez zuela aintzat izan azaldu dute. Negargarritzat jo dute jokabide hori, baina hein batean «argigarria» ere badela gaineratu.

Bakartxo Tejeria, EAJko zerrendaburuak komunikabideekiko izandako jarrera ere herritarrek «nekez ahanztekoa» dela esan dute. Remi Ayestaranen heriotzaren inguruan «ausardiaz» hitz egiteko borondaterik ez izatea leporatu diote, jokatzeko modu «koldarra» izan dela esanez, bai harena, eta bai haren udal taldearena ere. Remiren heriotzak udalbatza berezia ez zuela inolaz ere justifikatzen esan zuen Tejeriak hedabideen aurrean.

Azkenik, euskal preso politikoen aldeko lanean jarraituko dutela aldarrikatu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo