GARA > Idatzia > Kirolak > Athletic

Talde zuri-gorria «helburuak betetzen ari dela» aldarrikatu dute jokalariek

p034_f02_097x096.jpg

GARA | BILBO

Hedabide orotan nabarmendu dute Athletici mesede galanta egin diola igandeko garaipenak. Taldeak Ligaren atarian erakutsitako joko eskasa kezka eta eztabaida bizia sortzen ari zen zuri-gorrien inguruan eta Espanyolen aurka gauzatutako hobekuntza eta garaipena ezin hobeto etorri dira horiek isilarazteko.

Kontu horien guztien aurrean, Athleticeko jokalariek «orain arteko helburuak betetzen» ari direla aldarrikatu zuten, hala nola Fernando Amorebietak: «taldeari ezin dakioke gehiago eska. Ongi edo txarto jokatzea baino, emaitzak eskatu behar dira eta oraingoz hor daude. Espanyolen aurka gainera, jendeak presio itzela egin arren, taldeak maila ona eman zuen».

Xabi Castillok, bere aldetik, debuta egin zuen igandean Lehenengo Mailan. Haren aburuz, helburuak betetzea da garrantzizkoa: «UEFAko ligaxkan burua sartu dugu eta Ligako aurreneko garaipena lortuta, ikusten da ari garela pausoak aurrerantz ematen».

Bere debutaren inguruan, berriz, «pozik» azaldu zen. «Talde berri batera joanda, hasiera ez ohi da erraza izaten, baina gauzak ongi ateratzen ari zaizkit».

Lesionatuak «hobeto»

Zuri-gorrien erizaindegia hasi da husten, halakoren batean. Hala, Xabi Etxeitak senda-agiria atzo bertan jaso zuen eta kideekin batera entrenatu zuen. Bestetik, Ociok, Orbaizek, Muñozek eta De Ceriok ere «hoberantz» egin omen dute, Athleticeko mediku zerbitzuak bidalitako prentsa oharraren arabera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo