Klasikoen xarma ezagutzeko aukera ziklismoa komuneraino iristen den lurraldean
Amets TXURRUKA | Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia
Aitzin eta lehenengo etapa eta lehen etapako kontuak nire gelakidearen eskutik jaso ondoren, hemen nator berriz ere eta berauek baieztatuz hasiko dut zutabetxo hau. Holandako errepide estu hauetan 200 txirrindulari kabitu ezinik ibili garen bitartean gogoratu nintzen, bai, jainko eta santu batzuekin, baten bat ahaztuko bazitzaidan ere. Hala ere, alderdi baikorra ikusten saiatu ohi naiz eta egunotan pixka bat bada ere ezagutu dut klasikoen xarma. Beti izan nahiz klasikozalea, baina behin ere ez ditut lehiatu, eta zin degizuet gaurtik aurrera are eta zaleago izango naizela, nahiz eta lehiatzeko eromen bat izan.
Berriz ere, lehen egunean idatzitakora itzuliko naiz. Kultur ezberdintasuna agerian geratu da oraingoan ere, etaparen altuera minimo eta maximoa 120 metro baino gehiagokoa ez izan arren, hau da, etapa ezin lauagoa izan arren, ikuskizuna izugarria zen. Gurean mendateak ezinbesteko direla ematen duenean, hemen saihetseko haizeak, errepide estu eta bihurgunetsuek eta harbideek hartzen dute protagonismoa. Ikaragarria da harbideetako guneetan horren azkar nola joan daitekeen. 600 metroko gunetxo bat baino ez genuen pasatu harbide serioan baina nahikoa izan zen Roubaix edo Flandriako itzulian bizi izaten dutena zer den ideia bat hartzeko, beste txirrindularitza bat da! Beti izan ditut gogoko, esan bezala, klasiko hauek baina aurrerantzean heroi gisa ikusiko ditut lasterketa hauek egiten dituztenak, esan diot ene alboko ohean lo egiten duen astakiloari: «Guztiz erotuta zaudete, egiten duzuena gizakiaren mailatik harago dago nahiz eta zuek ez konturatu!».
Behin hotelera iritsita komunean sartu eta bonbatik tira egiteko lekuan, tiradera kenduta eta hoditxo batetik zintzilik bizikleten puzgailu bat aurkitu genuen. Orduan neure kolkorako pentsatu nuen: «Hauek dira hauek, txirrindularitza nola bizi duten! Dekorazioa ere, kutre xamarra izan arren, txirrindularitzan oinarrituta egiten dute».
Puzgailuari pare bat haizatu-aldi emanda, uraren bonba martxan hasten zen. Markelek ulertu ez, eta puzgailua kendu, eta hodiari tiraka ekin zion zoroaren pare, eta ez zuela funtzionatzen ikustean, eta dei egin zidanean eta martxan jarri genuenean, a zelako barreak! Gaurko etapari dagokionez, atzoko bi helburu berberekin irten gara: batetik Samuel tropeleko faboritoen denbora berean helmugan sartzea eta bestetik amamaren esana zintzo bete, eta denok minik hartu gabe etapa amaitzea. Biak zintzo beteta, lasai gaude orain hotelean. Bihar azkenengo etapa izango dugu iparralde honetan, azkenengo klasiko dosia. Kauberg eta San Nicolas muinoak gainditu beharko ditugu, Amstel eta Liejako bi igoera garrantzitsuak, haizea eta euria iragarrita daudela, gainera. Horregatik, Markelo handiari pasako diot hitza, bera baita klasikoetan esperientzia gehien duena. Hala ere, uste dut aipatutako bi klasiko horiek ez direla bere gustukoenak. Besterik gabe, etzira arte agurtzen dut txoko hau etahurrengoan bizipen berriekin etorriko naiz. Ondo segi!