Garikoitz Lekuona Abokatua
Alardea. Etorkizuneko haizeei traza hartzen
Denbora kontua da. Izan ere, herritarrok immobilismoaren haize politikoa brankatik badugu, denboraren eta etorkizunaren haizeak txopatik ditugu!
Alardea, hondarribiarron ondare kultural nagusienetakoa, herritarrona izaki, guztiona da. Herri Alardea. Ezin da beste modu batean ulertu.
Alarde pribatua, parte hartzaile kopurua kontuan hartuz gero, gehiengoaren adierazpena da, baina ez da Herri Alardea.
Herri Alardea (guztiona dena, ez soilik gehiengoarena), alarde historikoa, bakarra da. Esku pribatuen menpe inoiz egon ez dena eta hondarribiarrok eskaera legitimo bat bere egiten asmatu ez dugulako egun ospatzen ez dena.
Herri Alardea desagertu zenetik, ospakizun pribatu moduan nahiz manifestazio moduan, herri porrotaren isla besterik ez diren bi ikuspuntu plazaratu izan dira herriko kaleetan. Ez dira Herri Alardearen adierazpen izan. Eta hau ere ezin da beste modu batean ulertu.
Denboraren joanak aldiz, gaia perspektibarekin aztertzeko eta etorkizunari zantzua hartzeko balio du, eta denbora aurrera joan ahala, begi-bistakoa da herritarrek arazoa amaitzeko soluzio bat nahi dutela. Akaso, zenbaiten eszenografiak eta zaratak bestelako irudi bat eman nahiko du, edozein soluzio aukera ezkutatu nahian edo, baina herritarrak gatazkaz nazkatuta daude eta soluzio bat nahi dute. Herritarrek jakin badakitelako etorkizuneko alardea Herri Alardea dela, bakarra, guztiona. Bere baitan itxuraz kontrajarriak diren baina berez osagarriak izan daitezkeen bi adierazpide bil ditzakeena.
Horregatik, udal ordezkari nagusiei beren immobilismoa alboratu eta urratsak emateko eskatu behar zaie. Oposizioa zer den ere ez dakiten udal ordezkariek, haizea txopatik dutela, interesa izan duten noranzkoan nabigatu dute beti edozein udal gairen aurrean. Ez dute beste interesik izan patroi moduan beren poltronetan tinko eseri eta herria lasai gobernatzea baizik. Eta haize aldaketa minimoa nabaritu orduko, edozein gai gatazkatsu azaldu orduko, populismoaren kaian hartu izan dute aterpea.
Baina udal ordezkariei, eta alkateari bereziki, arazoei aurre egiteko beldurrik izan behar ez duen eta bere egin beharra ezagutu beharko lukeen alkate bati behinik behin ausardia, erantzukizuna eta herritarren interes ezberdinak bat egite aldera elkarrizketa bideratzen saiatzea eskatu behar zaio. Behintzat saiatzea! Alkateak ezin baitu «herrian oraindik mina dago», «emakumeek nahi dutenean konponduko da» edota «sufrimendu asko egon da» eta antzeko aterki subjektiboen atzean bere ekimen eza eta arduragabekeria ezkutatu. Herritarrak bai, baina herriko arduradun politiko nagusiak ez! Subjektibismoaren atea zabalduz, norberaren bizipen pertsonalen atea zabalduz gero, gatazka iraunkortzea besterik ez dugu lortuko.
Beraz, alkate jauna, nola justifikatu dezakezu gatazkaren gordintasuna bizi izan duen herritarra gatazka beraren soluzioan inplikatu nahi izatea eta, aldiz, herrian arduradun nagusi zaitugun horrek herritarren «mina eta sufrimendua» zure immobilismo interesaturako erabiltzea?
Baina lasai, egun batean herriak gatazka gaindituko du, zuen laguntzarik gabe akaso, eta orduan argiki ikusiko da gatazka bat izan zela eta soluzio adostua beharrezkoa izaki, bestelako interesak tarteko, ez zenutela behar besteko ardura eta heldutasunez jokatu. Denbora kontua da. Izan ere, herritarrok immobilismoaren haize politikoa brankatik badugu, denboraren eta etorkizunaren haizeak txopatik ditugu!