GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Gasteiz eta Bilboren artean, irailaren 5etik 12ra, AHTren kontrako martxa

Larunbat honetan abiatuko den AHTren aurkako martxak, Gasteiz eta Bilboren artean trenbidea eraikitzeko egiten ari diren lanak zeharkatuko ditu. Azpiegitura horren aurka dauden hainbat taldek antolatu du ekimena.

p014_f02_148x92.jpg

Manex ALTUNA |

AHTren kontrako oinezko martxa aurkeztu zuten atzo Bilbon, Abandoko tren geltokiaren aurrean. Azpiegitura horren aurka dauden hainbat taldek antolatu dute ekimena, irailaren 5etik 12ra bitartean egiteko. Azaldu zutenez, Gasteiz eta Bilbo arteko AHTren trenbidea eraikitzeko egiten ari diren lanak zeharkatuko dituzte datozen egunetan.

Larunbat arratsaldean abiatuko da martxa Gasteiztik eta egitasmoaren helburuetako bat AHTren lanak egiten ari diren tokietan sorturiko «kalte izugarriak» ezagutzea izango da. Aldi berean, «oraindik kaltetzeke baina gizarte eta ingurumenaren aurkako azpikeria honek jarraitzekotan txikitu eta desagertuko liratekeen inguruak» ezagutu ahal izango dituzte martxan parte hartzen dutenek.

AHTk beste proiektu batzuekin dituen loturak ikusteko ere izango dute aukera ibilbidean zehar. Izan ere, adierazi zutenez, Gasteiz eta Bilbo artean aurki daitezkeen autobide, autobia, superportu, zentral termiko edo errauste planta eta gisako azpiegiturak makina bat dira.

«Ofentsibara pasatzeko» unea dela adierazi zuten ekimenaren aurkezleek eta «borroka hedatzen jarraitzea inoiz baino beharrezkoagoa» dela. Ildo horretatik, Gasteiz eta Bilbo lotuko dituen ibilbidean AHTren kontrako salaketa ekintzak egingo dituztela ere adierazi zuten. AHT gelditzea denon «erantzukizuna» dela esan zuten, eta horregatik martxan parte hartzeko deia zabaldu zuten.

Ekimena larunbatean hasiko da, Gasteizko Arriaga parkean egingo duten herri bazkariarekin. Hitzordua 15.00etarako jarri dute. Bazkalostean jinkana egingo dute, eta 18.30ean abiatuko dira Urbinarantz. Bertan afalduko dute, eta horren ostean, AHTren lanek eragindako kalteak ezagutzera emango dizkiete Urbinako herritarrek. Horren ondoren «Vajont» filma ikusteko aukera izango dute.

Ertzaintzak identifikatuta

Oinezko martxak aste osoa iraungo du, eta hainbat herritatik igaroko da. Hurrenez hurren, Aramaio, Arrasate, Bergara, Angiozar, Elorrio, Durango, Lemoa, Zornotza, Galdakao, Basauri eta Bilbo. Ezkerraldetik ere pasatuko da irailaren 12an Portugalete eta Santurtzitik, hain zuzen, eta igandean, Serantesera igoz, bukaera emango diote martxari.

Agerraldia bukatutakoan Ertzaintzak prentsaurrekoan parte hartu zuen hainbat lagun identifikatuko zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo