Esnearen krisiak hondoa jo duela dio Bruselak, nahiz eta egoera oraindik «larria» izan
Esnearen sektoreak bizi duen krisi sakonak hondoa jo duela uste du Europar Batasunak. Hala adierazi zuen, behintzat, Mariann Fischer Nekazaritza komisarioak, nahiz eta onartu zuen egoera oraindik «oso larria» dela. Ildo horretatik, eskaera piztearen eta sektorea berregituratzearen alde agertu zen Europako Legebiltzarreko Nekazaritza Batzordean egindako agerraldian, eta, iragarri bezala, esne-kuoten sistema sei urte barru desagertuko dela berretsi zuen.
GARA
Mariann Fischer Nekazaritza komisarioak Europako Legebiltzarreko Nekazaritza Batzorde berriaren aurrean hitz egin zuen atzo sektorearen krisiari aurre egiteko proposamen berriak aurkezteko, eta batzarraren ostean, hedabideen aurrean, esne sektorearen krisiak «hondoa jo» duela adierazi zuen, jarraian egoera oraindik «oso larria» dela onartu bazuen ere.
Fischerren ustez, nazioarteko merkatuan «zenbait zantzu» ageri dira, eta sektorea suspertzeko bidean izan daitekeela uste du.
Orain arte Europar Batasunak hartutako neurrien eraginkortasunaren alde egin zuen, eta 2015. urtean kuoten sistema desagertuko dela adierazi zuen. Fischerren ustez, kuoten sistemari urte horretatik aurrera eusteak lortutako aurrerapausoak «kolpez frenatzea» ekarriko luke eta «nahasmena» eragin.
Era berean, esne sektorea berregituratzearen alde dagoela adierazi zen, baina «zalantzak» azaldu zituen Legebiltzarrak proposatzen duen «esne fondoa» sortzearen inguruan.
«Nondik etorriko litzateke horretarako dirua? 2010eko aurrekontuek oso margen mugatua uzten dute», adierazi zuen.
Gaineratu zuen, bestalde, badirudiela salneurriak heldu direla mailarik baxuenera, eta eskaeraren eta gaingabetutako esne hautsaren salneurriak gorantz ari direla. «Joera hori `kutsakorra' izatea espero dut. Onartezinezko mailetatik abiatuta ere, merkatuak egonkortzen ari dira», laburbildu zuen. Izan ere, egun esne sektorea da alarma guztiak piztuta dituena, egungo erregulazio edo arautzearekin milaka ustiategi desagertzeko arrisku bizian baitaude.
Mobilizazioak
Estatu espainolean, 24.000 ustiategi inguru hondoratzeko zorian daudela esan zuen atzo nekazari eta abeltzain sindikatuak biltzen dituen COAG erakundeak. Horregatik, mobilizazioak antolatu dituzte abeltzainek, atzo hasita, Bruselan bertan egitekoak, «neurri eraginkorrak eta zehatzak» eskatzeko.
Estatu frantsesean eta Alemanian sektorearen egoera zer-nolakoa den ikusita zerbait egiteko beharra ikusi dute, eta arautze berria eskatuko dutela iragarri dute.
Esne sektorearen krisia Europan eta mundu osoan hedatu dela esan zuen atzo Bruno Le Maire Nekazaritza ministro frantsesak, eta hurrengo astelehenean Europar Batasuneko Nekazaritza ministroen kontseiluan arautze berri bat mahai-gaineratuko dutela aurreratu zuen. Alemaniarekin batera proposatuko duten arautze berriaz, lehiaren indarrak nagusi diren egungo eredua aldatzeari begirakoa izango dela esan zuen. Nekazaritza, orokorrean, azken 30 urteetako krisirik handiena jasaten ari da gaur egun, eta horren aurrean «erantzun garrantzitsuak» ematearen alde azaldu zen Le Maire, estatu barruko erronkei eta Erkidegoko nekazaritza politikak zehaztutakoei aurre egiteko moduan egoteko, baita nazioarteko egoerak eskatzen dutenei ere.
Esne sektorearen egoera dela-eta, gogorarazi duenez «merkatuaren arauetara zabaldu genuen duela urteak», eta lehia librearen eskuetan utzi. Hala ere, egingo duten proposamenaz, argitu zuen ez duela prezio administratuen itzulera ekarriko. Neurri berriak martxan jarri arte, pasa den ekainean iragarritako laguntza planeko 30 milioi euro desblokeatzeko konpromisoa azaldu zuen.
Bruno Le Mairek Entremont eta Sodiaal esne taldeek europar talde handi bat eraikitzeari begira hasitako negoziazioa txalotu zuen, «Frantziako kooperatiba sektorearentzako berri ona» delako.
Sinesgarritasuna berreskuratu
Bestalde, abuztuaren hasieran Estatu frantseseko nekazariei 1992 eta 2002. urteen artean berez jaso behar ez zituztela jasotako Europako milioi askoko dirulaguntzak itzuli egin behar zituztela esan zien ministro berak, ordaindu beharreko zenbatekoa murrizteko borrokatuko dela hitzeman zuen.
Nekazariek itzuli behar dituzten 500 milioi euro «gehiegizko zenbatekoa» da Le Maireren ustez. Hala ere, ordaintzea beharrezkoa dela gaineratu zuen «kide europarren aurrean sinesgarritasuna berreskuratzeko», baita diru zigor handiago bat ekiditeko ere.
Ministroaren ustez, Estatu frantseseko nekazaritza eraiki behar da «Europarekin, eta ez Europaren kontra», baina ondoko herrietako fruta eta barazki ekoizleen «arma berdinak» erabiltzea defendatu zuen, zaila bada ere, izan ere, Estatu frantsesean lanaren kostua orduko 12 eurokoa delako, eta 7 eurokoa Estatu espainolean edota 6 eurokoa Alemanian. Arazo honi irtenbidea emateko konpromisoa azaldu zuen, hilaren 27an izango den batzarrean.
Bruno Le Maire Nekazaritza ministro frantsesak nabarmendu du esnearen krisia mundu osora zabaldu dela, eta iragarri zuen heldu den astean arautze berri bat proposatuko duela.