GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Jakiteko falta denaren zain

Zerrendak gero eta beteago daude, salneurriak oraindik finkatzeke eta Donostia Sarien izenak giltzapean gordeta, baina Zinemaldiari pauso gutxi geratzen zaizkio edizio berri eta are zailago bati aurre egiteko. Orain arte iragarritakoak ez du guztiz itxura txarrik; film gogorrak, gertukoak, urrunekoak, askotarikoak Sail Ofizialean, Zabaltegiko Perla bereziak eta jakin-mina pizten duten eta azpisailetan gordetzen direnak.

Atom Egoyan kanadarraren «Chloe» izango da Urrezko Maskorrerako lehia irekiko duena; bertan parte hartuko dute Bruno Dumont, Christophe Honore, François Ozon eta Jose Campanella zuzendariek ere, beste askoren artean. Aurtengo «perla taldearen» buruan itzuliko da Quentin Tarantino eta soka beretik lotuta ekarriko ditu Woody Allen, Michael Haneke, Terry Gilliam, Sherry Horman, Ang Lee, Jim Jarmusch, Bong Joon-ho, Johnnie To eta bi Urrezko Maskorren jabe den Bahman Ghobadi kurdistandarra.

Kanpora begirakoez gain, badira urte batzuk euskal zinemari egun berezi bat eskaintzen zaiola egitarau ofizialaren barruan. 2007an, EABk (Euskal Aktoreen Batasunak) antzezleen topaketa egin zuen ahaztutako aurpegiak berriro kameren aurrean jartzeko-edo; iaz urte osoan egindako ekoizpenen emanaldi hutsalek bete zuten jardunaldia gau partean banatu ziren Amalur eta Ibaia sarien aurretik; aurtengoak gaur ezagutaraziko dituzte Blanca Urgellek eta Mikel Olacireguik.

Krisiak izan du bere oihartzuna Zinemaldiaren egitarauan eta ondorio nagusienetakoa iraupenean izan du, hamar egunetik bederatzira igaro baita aurtengoan. Aurreikuspen ofizialean izandako eragin maila kontuan hartuta, litekeena da Euskal Zinemaren Egunari ere odolkiak ordainetan iristea. Aurreikuspenak egiteko orduan abilezia handirik ez badut ere, beheranzko joerari eusteko aukerak bere horretan jarraitzen duela esatera ausartuko naiz. Kontrakoa ere izan daiteke, eta A gripeari leporatu dakizkiokegu guztiak, baina uste dut ez dela zilegi izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo