GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Mendekua oinarri duen politika ezaguna

Astegun buruzuri batean ugariak dira Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoera erakusten duten gertaerak, harrigarri izateraino ugariak. Atzo, urrutira joan gabe, Gasteizen parlamentari izandako Nekane Erauskin eta Karmele Berasategi -EHAK-ko beste hiru kiderekin batera ETAko kide izateaz akusatzeaz gain- kartzela prebentiboa ekiditeko 60.000 euroko fidantza ordaintzera behartu zituen Baltasar Garzon epaileak; astebeteko lintxamendu mediatikoaren ostean, Maite Aranalderen aurkako atxilotze agindua eman zuen epaile berberak; azkenik, Adur Fernandez preso politikoa Aranjuezeko espetxera bisitatzera zihoazen senideek istripu larria izan zuten.

Norberak erabaki behar du zer iruditzen zaion berri hauetatik harrigarria, zer eskandalagarria eta zer logikoa. Baina egoera honetatik ateratzen den ondorioa euskaldunekin legea lausoegia eta gozoegia dela baldin bada -atzo jurista, kazetari eta politikari espainiar askok defendatu zuten bezala-, argi dago euskaldunak eta espainiarrak errealitate zeharo desberdinetan bizi direla. Hobeto esanda, espainiarrek euskaldunak beraiek nahi dituzten baldintzen azpian bizitzera kondenatzen dituztela eta, gainera, baldintza hauei buruz gezurra zabaltzen dutela beren herritarren artean. Euskal Herriaren eta euskal herritarren aurkako mendeku politikak aurpegi asko eta muga gutxi ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo