«Hi bizi haiz, hi!»
Markel IRIZAR | Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia
Kaixo irakurle! Gaur Vuelta honetako laugarren etapa izan dugu, azkena iparraldeko errepide hauetan. Eta helmuga Liejan izan dugula esanda, jakingo duzue hona heltzeko itxurazko muino batzuk pasa behar izan ditugula. Baina nahiz eta urteko klasiko garrantzitsuena pasatzen den tokietatik ibili, horrek sortzen duen motibazio estrarekin, ez da egun atsegina izan, 225 kilometroko ibilbidea, euria, arriskua eta haizea izan baititugu. Askok telebistaz ikusiko zenutenez, gainera, pelotoi erdia hankaz gora joan da helmugarako kilometro pare bat geratzen zela. Niri gaurkoa ez zait tokatu, astelehenean erori nintzen, eta horrekin nahikoa.
Ikaragarri gustatzen zait egiten dudana, umetatik izan dudan ametsa betetzea delako, baina urtean 10 edo 15 egun «txar» pasa beharrekoak direla onartuta daukat. Eta gaur, 10-15 egun horietako bat izan da, etxean gelditzea nahiago izaten den horietako bat. Hala ere, bere alde on eta txarrekin, ez nuke egiten dudana aldatuko, sakrifizio dezente eskatu arren.
Horregatik, konturatzen naiz albokoek egiten dituzten gauzen alde onak bakarrik ikusten ditugula beti. Lagunek eguraldi ona egin eta entrenatzera noala ikusten dutenean, bizitza oso erosoa dudala esaten didate. Baliteke hala izatea, baina urrutiko intxaurrak ez dira beti hamalau. Batzuetan, esku bateko hatzekin zenbatzen dira denak.
Nik ere apur bat xaxatzen ditut, baina beraiek dira abuztu osoa oporretan pasa eta betuna baino beltzago datozenean galdetzen didatenak: «Nora tokatzen zaik orain?» Eta nik erantzun: «Holandara, Vuelta korritzera». Beraiek oporretan zeuden bitartean nik abuztu osoa lasterketa hori prestatzen eman dudala kontuan izan gabe, erantzuten dute: «Hi bizi haiz, hi!»
Ba bai, ikaragarri gustura bizi naiz, baina gurean ere badaude egun txarrak. Hala ere, gauza onekin geratu eta neurekiko pentsatzen dut: «Ni baino hobeto dagoena, kabroi galanta».
Bada, horixe irakurle, gauza onei eutsi eta segi aurrera. Adopzioz hartu nauen herrian esaten duten moduan: aurrera bolie!