Gure Irratiko blogari eraso egin diote, turkiarrez idatzitako testu bat sartuta
Idoia ERASO | BAIONA
Lapurdiko Gure Irratiak daukan blogak joan den asteazkenean cracker baten erasoa izan zuen, eta oraindik ez du bere sistema atzeman. Gaur egun, http://gureirratia.pausumedia.com webgunera sartzean turkiarrez idatzitako testu bat eta bertako kantari ezagun baten izena ikus daitezke, kantariaren musika ere entzuten dela.
Irratia Internet bitartez entzuten dutenek nabaritu dute zerbitzuen desagerpena. «Kanpoan bizi diren entzuleek deitu gaituzte kexua adierazteko», azaldu zuen Gure Irratiko arduradun Jokin Zaldunbidek. Irratiak horrelako erasoa jasaten duen lehen aldia da.
Arazo teknikoak direla-eta webgunea ezin izan dute bere onera ekarri, baina arazo hori «ahalik eta lasterren konpontzea espero dugu» adierazi zuen Zaldunbidek.
3 urteren buruan, egoitzara
Duela hiru urte, eta sute baten ondorioz, estreinatu berria zuen egoitza utzi beharrean aurkitu zen irratia. Konponketa lanak bukatzen ari dira eta dena ongi baldin badoa urrirako egoitza nagusian izango dira berriz.
«Orain arlo teknikoa behar dugu ezarri eta dena ongi baldin bada urrian gure egoitzatik emitituko dugu», azaldu zuen irratiko arduradunak. Horrelako istripu bati aurre egitea ez da erraza izan, baina «ontsa kudeatu dugu eta elkartasun handia jaso dugu, orain dena ontsa da» nabarmendu nahi izan zuen Zaldunbidek.