Maider Iantzi Kazetaria
Abenturaren ortzimugan
Oporretatik bueltako bidea malkartsua izan ohi da, baina oraingoan «Aupa Etxebeste!» filmeko protagonistak bezala ailegatu gara etxera, suziri, irri eta dantza artean. Auzoko bestak dira, jende anitz dago, eta mikrofonotik haur jokoetako argibideak ematen ari diren bitartean atera ditugu maletak autotik. Traste guztiak atarian utzi ditugunean, galdera: non daude giltzak? Hainbertze denbora erabili gabe, inor ez da haietaz oroitzen. Kezka izpi batekin, baina batez ere jai egunek berezkoa duten patxadarekin eta moteltasunarekin, poltsetan bila hasi gara, eta azkenean hondo-hondoan, kresal usaina itsatsita duten bikini hezeen azpian eta «Anis tenis» jartzen duten erraketa formako abanikoen gainean, aurkitu ditugu (azken hauek ikustean hondartzatik sabela hutsik atera eta anisa eskaini zigutenenekoa gogoratu dugu, eta guk hartu! Uajjj!).
Bi asteko bidaia egin dugu; denbora gehiago pasatu dela ematen du, ordea. Balkoiko loreak igartzen ari dira; errauts pila bat dago; hozkailu gizajoa erreguka ari zaigu janari eske; dena da arraroa: sukaldeko mahaia ttikitu egin da eta komuneko konketa, aldiz, handitu. Begiak argitasun handiagora ohitu dira eta orain ilunagoak iruditzen zaizkie hemengo bazterrak; gainera, laster etorriko da gaua. Lehenbizi dutxa bat, gero lanak egin eta bestez gozatzera, oporraldia luzatzera, jakina, sandaliak jantzita, tenperatura baxuagoa dela konturatu ere egin gabe.
Gure abentura ttikia bere ortzimugara iritsi da eta ohatzean, plazatik heltzen den musika aditu bitartean, hamaika oroitzapen ederrek ametsak elikatzen dituzte. Oinak hotz ditugu eta argia piztu behar izan dugu galtzerdiak hartzeko, ilunpetan ez baitugu logela hau ezagutzen.