GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello Zabala | eguraldi aditua

Sermoi ederrak eta solas atseginak

Arantzazuko Ama Mariaren Bederatziurrenari, Asiskoaren jantzi xaharraren kolore marroi inoiz baino argiagoa eman nahi diogu

Bederatziurrenaren erdi-erdian gaude, gaur bosgarren eguna. Gure Asisko Frantzisko ttikiaren kronologian honela dio: «1209: Inozentzio III.ak hitzez onartzen du Frantzisko eta lehen hamaika anaien bizi-asmoa».
Jakina, 1209tik aurtengora, 800 justu! Hori horrela izanik, Arantzazuko Ama Mariaren Bederatziurrenari, Asiskoaren jantzi xaharraren kolore marroi inoiz baino argiagoa eman nahi izan diogu. Esan gabe doa, egunez egun, Arantzazuko Amarekin batera, santuaren pasadizoak gogoratzen eta jaulkitzen ditugula. Sermoi ederrak –hala diote gure lagunek– Iñaki Beristainek bere taju propialaz egunero eskainiak.

- Sermoi garaian ez dio horrenbeste inporta eguraldiak. Hala dio gure lagunzahar hauetako batek:
- Zuk arratsalderako eguraldi aidatua ekarri behintzat.
- Baietz bihar goizean (gaurkoaz) tristatu!
Esan gabe doa, niretzat diosala, hamarretatik hamarrean, eguraldiaz dela. Alferrik erantzungo diet: - Baina, ‘egun on’ esanaz bezalaxe, eguraldia ere ez al da, ‘Jainkoak nahi badu’.
- Hori lehenago izango zen –ihardetsi dit amona batek– orain errogatibarik ere ez duzue egiten eta...
- Hi, Pello, zuek ‘elbiyak’ bai aurten harro...! –bota dit urrunxeagotik orendaindar baserritar batek.
- Uda on askoa atera dugun seinale, ezta...?
- Txarreko sonak bota zituzten pregoitan, badaezpada...
- Badakizu, azkenean, eltxoek eta euliek arrazoi!
- Aizu, Pello, zer egin diozue hemengo lurrari hain berde egoteko? Gurean aspaldi gorritu zuen dena– baserrian sorbalda makurtutako amonatxoak.
- Badakizu, euskal amalurraren koloreak direla horiek: ikurrinean ere ‘berdea’ ta ‘gorria’ dauzkagula bizitzaren erdi-erdiko gurutzeari ‘zuri’, pozik, eta zutik, alegia, bizkarrezurrari zutik, eutsiko badiogu...
- Praile honek denantzako dauka erantzuna...
- Zuekin bederatziurrena pasa ezkero, askotxo ikasten baita...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo