GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Ana Telletxea Bera

Vera eta Bera ez dira gauza bera

Lehengo gauean Euskal Telebistako bigarren kateko programa ezagun batek lehiaketa txiki bat iragarri zuen; saria, Berako hotel batean bi lagunek gaua pasatzeko txartela. Harrigarria bada ere, herriaren izena honela eman zuten: «Vera de Bidasoa».

Aspaldi da Bera izena nagusitu zela, berezkoa baitu, eta ez espainolek emandako beste hori. Ez da ofiziala izan, halere, orain bi hilabete arte. «Vera de Bidasoa» kanpotik emandako izendapena da, antza, espainiar Estatuan dauden beste «Vera» batzuekin ez nahasteko (Vera de Moncayo Zaragozan, Vera Almerian...) gureari «de Bidasoa» gehitu eta «v» hizkia eman zioten, inolaz ere bereak ez zituenak. Ez da jatorrizkoa eta mendeetakoa errespetatu, eta kostata, Berako Euskara Batzordeak eta Udalak aurten lortu dute izendapen ofizialtzat «Bera» aitortzea, ez gehiago ez gutxiago. Saiakera ugari egin du herriak jatorrizko izena berreskuratzeko, eta azkenik, beharrezko frogak eta agiriak aurkeztu ondotik, Nafarroako Auzitegi Nagusiak epaia eman du «Bera» onartuz.

Euskal Telebista deritzonak ez ote luke gehiago zaindu edo babestu behar euskal izendegia (eta toponimia)? Ardura falta galanta da atzo nahi gabe hartu nuen datu horri. Aitzitik, «Euskal» delakoa zerbaitek justifikatu behar luke, nahiz eta gauden garaietan batek dakien zer etorkizun duen «euskal» hitza duen edozerk.

Ez da euskal izenetan «hanka-sartzeak» ikusi ditudan lehendabiziko aldia eta, hedabide horrek egun duen jabe berriarekin, zer ez ote dugu ikusiko. Honezkero «Bera» izendapena ofiziala den aldetik, eta gainerako kontuetan Nafarroako Gobernuak zorrotz betetzen eta betearazten baitu «ofizial» den erabaki oro, har dadila hau ere lege mailan.

Hedabide hori euskal telebista publiko den neurrian, nolabaiteko ardura du hizkuntzaren erabileran, eta hartatik eratortzen diren gaiekin. Edo hala behar luke. Aski ardura dute espainiar kateek hemengo izenak, deiturak, izendapenak eraldatzeko, manipulatzeko eta euren unibertsoan txertatzeko, eta hala, zertan ari gara gu ere haien bidetik?

Laster telebista baten eta bestearen artean ezberdintasunik ez da izanen, gauza bera izanen dira; bera... berbera... gutxi gorabehera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo