Kantuen istorioak
Aritz SOUND SYSTEM | Kazetaria eta musika adiktoa
Udara atsedena hartzeko aroa omen da, nahi duguna egiteko asti gehiago dugula diote, eta hortaz, hausnarketarako tarte aproposa izan daiteke. Guri dagokigunez, beste gauzen artean, kantuen atzean dauden istorioak arakatzeko hartu dugu denbora.
Musika arimaren elikagaia omen da, eta ildo horretatik, musika bazkari batekin alderatuko bagenu, musika bera, doinua, lehen platera dela esango genuke, dastatzen dugun lehenengo gauza. Kantu hori abestua bada, abeslariaren ahotsak eta trebeziak egingo du bigarren platera gustukoa izatea edo ez. Menu osasuntsuetan, abeslari eta musikaren artean, oreka egon beharko da, noski. Edozein kantu entzuterakoan, bi plater edo osagai horiek garrantzi handia dute kantua gustukoa dugun ala ez erabakitzerakoan, baina ezin dugu postrea ahaztu. Kantuaren letra ulertzeak aurreko bi platerek utzitako zaporea borobildu dezake, edo bazkari eder bat guztiz izorratu. Egia esan, nik uste, kantu gehienak postrerik gabe dastatzen ditugula. Ulertzen ez dugun hizkuntza batean abestuak direnean argi dago zergatia baina, ustez, hitz egiten dugun hizkuntza batean abestuak dauden kanta asko ere ez ditugu ulertzen.
Kantuetako letrak ez dira testu arrunta izaten, musikarekin eta musikara moldatutako hitz jokoak izan ohi dira eta oso pertsonalak gehienetan. Kantuen letrak ondo ulertzeko esfortzu handia egin behar dugu, eta esfortzu hori eginda ere, askotan gaizki ulertzen ditugu (testuingurua ezagutzen ez dugulako, bigarren esanahia dutelako eta abar). Kanta bateko letrak, ulertuz gero, eta letraren mezua edo esanahia gustukoa izanez gero, abestia guztiz borobildu dezake. Abesti eder bat abesti kuttuna bilaka dezake. Alderantziz, gustuko doinua duen kanta bateko letra itsusia iruditzen bazaigu, kanta osoa izorra dezake. Beraz, postrea eskatzea arriskutsua izan daiteke batzuetan, lehen bi platerekin ase geratu bazara bereziki. «Ea noizbait kartzelan egon naizen galdetzen didazue/ Kartzelan egon ote naizen galdetzen didazue?/ Gorrotoz eta heriotzaz betetako mundua sortu duzue, lapur eta hiltzaileen mundua/ eta ea noizbait kartzelan egon naizen galdetzen didazue?/ Erantzungo dizuet / Bai, egona naiz eta oraindik han nago, ihes egiteko unearen zain» (Mutabaruka «Prisoner»). Oraingoan Mutabaruka izeneko jamaikarraren olerki musikatua ekarri dugu baina datozen zutabeetan zehar gustuko ditugun kantuen letra gehiago arakatuko ditugu. Kantu bera, desberdin bilakatzeko ahalmena duten letrak.
Fecha: Mañana, 5 de setiembre.
Lugar: Rockstar Live (Barakaldo).
Hora: 19.30.
Precio: 40 euros.