Arabako zentsura-mozioak ez du lehentasunik PPrentzat
GARA
PSErekin Patxi Lopez Lehendakaritzara heltzeko akordioa sinatu zutenetik, PPko ordezkariek behin eta berriro errepikatu dute azken hilabeteetan EAJ Arabako Aldunditik kanpo uzteko zentsura-mozioa aurkeztearen beharra. Atzo, ordea, EAEko PPko buruzagi Antonio Basagoitik eta Iñaki Oyarzabalek zentsura-mozioa ikasturte politiko berrirako aurreikusi dituzten lehentasunetatik kanpo dagoela adierazi zuten.
Oyarzabalek azaldu zuenez, PPk arabarrek Gobernu «hobe bat» merezi dutela aldarrikatzen jarraituko du, EAJk baino proiektu «eragingarriagoa» baitute erakunde hau kudeatzeko. Hala ere, epe laburrera Arabako Aldundia ez da izango PPren «lehentasunetako» bat. Beren esanetan, «egunero jarraituko dugu zentsura-mozioa defendatzen, baina orain herri hau krisitik ateratzea» da garrantzitsuena.
Krisiaren kontrako neurriak
Basagoitik eta Oyarzabalek indar guztia ekonomia kontuetan jarriko dutela adierazi zuten, krisia gainditzeko neurriak aurkeztuz eta enplegua sustatuz. Ildo horretatik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gainerako alderdiei «interes politikoak eta alderdien taktikak» albo batera uzteko eskatu zieten guztion artean akordio bat lortzeko. Basagoitik esan zuenez, PSOEren Gobernua da krisia gainditzeko «oztopo» garrantzitsuenak jartzen ari dena eta Patxi Lopezen jarrera ere kritikatu zuen.