Hegazkadarekin ekaitza sortu du Malenkonia seikoteak, estudioko bere lehenengo lan luzean
Urteetako lanaren ostean, Malenkoniak estudioko lehen lan luzea plazaratu du, «Hegazkadak dakar ekaitza», pop-rockean eta britainiar popean oinarritutako euskarazko musika melodikoa.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Hong Kong-go tximeleta baten hegazkadak New Yorken ekaitza sor dezakeela dio kondaira zahar batek eta, esaera hori aintzat hartuta, Malenkoniak estudioko bere lehenengo lana plazaratu du, «Hegazkadak dakar ekaitza». Oñatiar seikote horrek -Iñaki Goitia (bateria), Aitor Lamas (baxua), Andoni Correas (pianoa), Erik Zubia (arrabita), Iñigo Ugarte (gitarra) eta Roberto Ferreiro (gitarra eta ahotsa)- pop-rockean eta britainiar popean oinarritutako hamar kantuko bilduma melodikoa dakar esku artean. Gor diskoetxearen zigilupean kaleratutako lanean «melodia oso landuak» nabarmentzen direla esan zuen Ferreirok eta, haiekin batera doazen letrekin, entzuleari sentimendu desberdinak helarazteko helburua dutela gaineratu. Talde zehatz batekin identifikatzen ez badira ere, Coldplay, Travis, Oasis eta tankera horretako taldeen eragina dutela onartu zuten, nahiz eta, beren hitzetan, une bakoitzean gustuko dutena egitea atsegin duten.
Seikoteak bi urteko «atsedena» hartu zuen ibilbide berri bat hasi, eta disko honetako kantuen sorkuntzan buru-belarri aritzeko. 2008an ekin zioten estudioko lanari eta, arazo batzuk medio, zati batzuk berriro grabatu behar izan zituzten. Halabeharrak, ordea, lezio berriak ikasteko aukera eman diela gaineratu zuen Ugartek.
Estreinaldiko kontzertua
Abuztuan Gasteiz inguruan zuzeneko gutxi batzuk eskaini dituzten arren, bihar estreinatuko dute diskoa, Oñatin. Gaueko hamar eta erdietan, Kalegoieneko plazatxoan, zuzeneko «berezia» eskainiko dutela nabarmendu zuten taldekideek. «Normalean, janzkera zehatz batekin irteten gara taula gainera -agertu zuen Lamasek-, elegante antzera. Oraingoan, arropa berezia daukagu estreinaldirako eta kontzertua ere desberdina izango da, erritmikoagoa». Oñatiarren atzetik, Aurora Beltran Taures Zurdos taldeko abeslari ohia izango da oholtza gainean. Bi emanaldiak doakoak izango dira.