Baserriko esne freskoa erraz eta merke eskuratu ahal izango dute ordiziarrek
GARA
Makinan euro bateko txanpona sartu eta bueltan baserriko litro bat esne fresko izango dute hemendik aurrera ordiziarrek. Modu errazean eta merke.
Iztueta elkartearen eskutik, Ordiziako tren geltokian jarri zuten atzo Gipuzkoan martxan jarri duten lehen esne-makina, ekimenak Nafarroan eta Araban arrakasta handia izan ostean.
Kalitatezko esnea ateratzen da makina horretatik, pasteurizatua -beraz, ez du egosi beharrik- eta 6 graduko tenperaturan. Modu honetan, nekazariek beren produktua bitartekaririk gabe banatzeko aukera izango dute, esnearen ziklo osoa beraiek eginda, ekoiztetik saltzeraino. Gainera, hondakinik sortzen ez duenez, naturarekiko errespetua eta konpromisoa ere bultzatzen da.
Ilara luzea lehen egunean
Bezeroek beraien ontzietan bildu ahal izango dute makinak isuritako esnea, baina botilak ere salgai izango dira bertan, Marije Intxausti Iztueta elkarteko kideak atzo azaldu zuenez. Makina, kontsumoaren arabera beteko dute ekoizleek, eta atzo sortutako ilara ikusita, litekeena da sarritan egin behar izatea. Esnea dastatu zuten ordiziarrek haren zapore ona nabarmendu zuten, eta batzuek umezaroan hartzen zuten esnea gogorarazi ziela adierazi zuten.
Esnearen sektoreak eta esne ekoizleek bizi duten egoera gogorra kontuan hartuta, halako ekimenak baliagarriak izan daitezke euskal nekazariek etorkizunari begira itxaropena izan dezaten.