GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Berrogei minutu, milaka taupada

Markel IRIZAR | Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia

 

Kaixo lagunak! Iparraldeko rallya amaitu eta gero, ozta-ozta bada ere, osorik sartu ginen Katalunia aldera ekarri gintuen hegazkinean. Euriagatik eta esfortzuagatik aurpegiak puztuta, begi-zulo ilunak eta gorputz asko minduta. Baina denok gustura eguraldi onarekin eta hegazkinean sartzearekin. Atzoko atseden eguna lasai-lasai pasa eta gero, asteburua dut buruan eta bihar iritsiko da lasterketarako grina emango didan bisita.

Ez dira egun asko etxetik joan ginela, ezta nekea ikaragarria ere, baina familia eta lagunen hutsunea nabaritzen hasi naiz. Aitortu beharra daukat etxetik urrun nagoenean gauza askori ematen diodala buelta. Lagunen eta familiaren urruntasunean konturatzen naiz zein azkar botatzen ditudan faltan.

Kanpoan nagoenean Ken Zazpiren abesti bat etortzen zait gogora, «40 minutuz, milaka taupada, begietara begiratzean...» Oker ez banaiz «Malen» abestia da eta neure buruari zin egiten diot etxera bueltatzean ez naizela gehiago etorkizunari begira egongo; momentua bizi eta neure lagun eta familiarekin nagoen uneak topera biziko ditudala.

Horrexegatik nire begietako Xabat eta bere amatxo etorri ezin diren arren, lagunak, anaiaren parekoa den osaba eta familia jasotzeko irrikaz nago. Berdin da hamar, hogei edo berrogei minutu izan, abestiak dioen bezala, begietara begiratu eta taupadak igoko zaizkit eta orduan ohartuko naiz nolako beharra daukadan eurak ikusteko. Besterik gabe, ospitaleetan gaixo, etxetik urrun edo familiarengandik bananduta dagoen jendearen azalean jartzen naiz eta familiaren bisita topera gozatzeko asmoa dut. Horrexegatik, bidaia ona izan eta laster arte, familia!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo