Loquillo Frankestein bilakatu da Beldurrezko Zinema Asterako
XX. urteurrena izango duen edizioa urriaren 31 eta azaroaren 6a bitartean egingo da. Atzo, hala ere, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Asteko kartel ofiziala aurkeztu zuten, Loquillo abeslaria protagonista duena. Bertan, beldurrezko zinemaren historian leku nabarmena duen «Frankestein doktorea» filma omendu dute.
GARA | DONOSTIA
Loquillo abeslaria da Fantasiazko eta Beldurrezko XX. Zinema Astearen karteleko protagonista. Atzo aurkeztu zen kartel ofiziala beldurrezko zinemaren historian nabarmentzekoa den film batean inspiratuta dago, «Frankenstein doktorea» lanean, hain zuzen. Argazkia Kristina Enean atera zen eta aurreko urteetan bezala, Jose Luis Lopez de Zubiria da haren egilea.
«Frankestein doktorea» filmeko une erromantiko bat erakusten du kartelak, Frankesteinek neska txiki bati lore bat ematen dion eszena hain zuzen. Eszena hau aurtengo edizioa ekonomikoki une zail batean egin dela islatzeko aukeratu da. Aurrekontua txikiagoa dela-eta, egun bat gutxiago iraungo du, Asteak 20 urte betetzen dituen edizioan, hain zuzen. Jaialdiaren zuzendariak, Jose Luis Rebordinosek, ordea, garrantzia kendu nahi izan dio egoera honi. Haren aburuz, jaialdia bera ospakizun bat da, oso publiko berezia duen hitzordu bat delako.
Loquillok, bestalde, jaialdiaren jarraitzailea dela aitortu zuen atzoko aurkezpenean. Hitzordu honi esker genero honen berrikuntza guztiak ezagutzen dituela esan zuen. Oso pozik agertu da Mary Shelleyren pertsonaiaren azalean sartzearen esperientziarekin. Bien arteko antza onartzeaz gain, komunean gauza asko dituztela esan zuen. Pertsonaia zati ezberdinez osatuta dagoen era berean, berak ere eragin musikal oso ezberdinak dituela esan baitzuen.
Jaialdi hau urriaren 31 eta azaroaren 6 artean ospatuko da. Sail ezberdinen programazioa hurrengo egunetan ezagutaraziko da. Hala ere, jaialdiko zuzendariak gogorarazi zuen «Metal Hurlant» komiki aldizkariaren inguruko pelikula ziklo bat egongo dela aurtengo edizioan. Hamaika lan hautatu dituzte atal hau osatzeko. Haien artean, Ridley Scotten «Alien», Luc Bessonen «Le dernier combat» eta «Barbarella» Roger Vadimena. Horrez gain, Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen barruan Sam animazio-egile valentziarrari buruzko erakusketa bat egongo da, egileak bere lanetan erabilitako panpin eta maketekin. Gainera, Eva Conde donostiarraren marrazki erakusketa ikusteko aukera ere izango da.