Zezenketen aurkako taldeei Baionako zezen-plazara hurbiltzea debekatu diete
Ainize BUTRON
Bi urte daramatza FLAC zezenketen aurkako elkarteak iraila hasieran Baionako zezen-plazan elkarretaratzeak egiten. Elkarteak abuztuaren 27an jakinarazi zion Herriko Etxeari irailaren 5ean, bihar, manifestazioa egiteko asmoa zuela. Abuztuaren 31n, Udalak zezen-plazaren inguruko manifestazio oro debekatzen duen udal dekretua kaleratu zuen. Izan ere, bihar eta igandean izango diren zezenketak Baionako garrantzitsuenak dira. Horren aurrean, Jean Claude Laborde FLACeko lehendakariak dekretu hori «legez kanpokoa» dela argitu zuen. «Elkarretaratze bat debekatzeko aitzakia bat aurkitu behar da. Bi aldiz eginak ditugu manifestaldiak garai honetan, eta sekula ez da istilurik gertatu», salatu zuen.
Udalaren jarrera legez kanpokoa izan arren, FLAC elkarteak ez du dekretuaren aurka salaketarik pausatzeko denborarik izan. «Oso epe laburrean egina izan da», gehitu zuen. FLAC elkartearen aburuz, Jean Grenet Baionako auzapezaren jarrera «akats larria» da. «Debekua finkatuz alderantzizko egoera eragingo du. Tentsio egoera bat sortu du, eta, dekretu hori kaleratuz istiluak sor ditzake», ohartarazi zuen, berriz, lehendakariak.
Elkarretaratzea
Debekua jaso badu ere, elkarteak manifestazioa bertan behera uzteko asmorik ez duela azaldu du. «Zezenketei stop, aski da» lelopean, elkarretaratzea Baionako Forumean hasiko da arratsaldeko lauretan. Handik zezen plazara aldera abiatzeko asmoa dute. «Gure mezua ez dugu zezen-plazan mugatu nahi, Herriko Etxera joan eta herritar orori zabaldu nahi diogu gure aldarrikapena», argitu zuen, berriz, Labordek. Zezen-plazatik gertu dagoen bidea zeharkatzeko eskubidea aldarrikatu zuen, beraz, FLACek Herriko Etxera hurbildu ahal izateko.
«Deus egiten ez duenak, egiten uzten du» leloa oihukatu nahi dugu karriketan. Eta, manifestaldia baliatuko dugu, Baiona, aurretik Sopela eta Basauri herriek egin bezala, zezenketen aurkako hiri izendatu dezaten eskatzeko», aldarrikatu zuten.
Labordek azken hiru urteotan Lapurdiko hiriburuak zezenketei emandako diru-laguntzaren inguruan ere mintzatu zen. «Zezen-plaza guztiak defizitarioak dira. Estatu espainolean zezen plaza asko dirurik gabe geratzen ari dira. Baionan, berriz, hiru urtez sei milioi euro inguru emanak izan dira horretarako», argitu zuen.