ANTZERKIA
Euskarazko antzerki esperimentazioko tailer eta ikuskizunak, I. Topa Eszenikan
Antzerki esperimentalak hartu du Usurbil atzoz geroztik. Antzerkizale eta antzerkilariei zuzendutako lehenengo topaketa honetan, tailerrak eta ikuskizunak uztartuko dira. Txerriki antzerki taldeak eta Artedramak antolatutako ekimena da. Tailerrak Sutegin egiten ari dira Ander Lipusen gidaritzapean. Ikuskizunak, berriz, herriko txoko ezberdinetan. Gaur, “Gernikaren heriotza” antzeztuko du Zarauzko Alprojak, 20.00etan, Udarregi Ikastolako patioan. 23.00etan, berriz, helduentzako ipuin kontaketa egingo du Ixabel Agirresarobek, Artzabalen. Bihar, bakarrizketak izango dira Jon Urrazaren eskutik, 20.30ean Artzabalen. Igandean “Herioa eta dontzeila” antzezlanaren irakurketa dramatizatua egingo da 19.00etan Sutegi Kultur Etxeko auditoriumean.