GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHTrako lurren desjabetze akten sinatzea bertan behera bigarrenez Atxondon

Uztailean egin zuten deialdia, herritarren protestaldiak tarteko, bertan behera gelditu zen. Atzo, Atxondoko alkatea topatu ezinik, AHTren lanetarako lurrak desjabetzeko akten sinatze ekitaldia bertan behera gelditu zen bigarrenez. Protesta izan zen, halere, berriro herrian.

GARA |

Atzo, bigarren aldiz, Abiadura Handiko Trenaren ibilbidea eraikitzeko Atxondoko lurren desjabetze akten sinatze ekitaldia bertan behera geratu zen. Gobernu espainolaren Bizkaiko ordezkaria eta ADIFeko ordezkariak ere bertan izan ziren, baita makina bat ertzain ere, baina ez zen akten sinaketarik egin.

AHT Gelditu! Elkarlaneko hamarka lagunek egin zieten atzokoan ere harrera AHT proiektuan aurreikusitako ibilbideko lurrak desjabetzera bertaratu zirenei. Goizeko lehen ordutik AHTren aurkako elkarretaratzea egin zuten Atxondoko udaletxe aurrean.

«Lurrak lapurtzera etorri dira»

Alabaina, goizeko bederatziak baino lehen iritsi ziren Ertzaintzaren hainbat patruila eta horiek, AHT Gelditu! Elkarlanak aditzera emandakoaren arabera, udaletxe aurrean jarri eta protestan ari zirenak bertatik kanporatu zituzten.

Ertzaintzak udaletxe aurrealdea «kontrolpean» zuenean iritsi ziren Gobernu espainoleko Bizkaiko ordezkaria eta ADIF enpresako ordezkariak. «Alkatea udaletxean ez zegoela ikusitakoan, gertatutakoaren akta egin eta lurren desjabetze akten sinatze ekitaldia bertan behera utzi dute», azaldu zuten Atxondotik.

«Gizartearen interesen aurkako proiektu hori egiteko lurrak lapurtzera etorri dira gaur Atxondora, baina esku-hutsik alde egin behar izan dute. Gure lurrak eta gure herria txikitu nahi dituztenak eta horiek babesten dituztenak ez dira inoiz ongi hartuak izango Atxondon», gaineratu zuten.

Gainera, gogor salatu zuten lurrak desjabetzeko bigarren deialdia -joan den uztailaren 10ean bertan behera gelditu zen lehena-, abuztuan, herritar asko oporretan dagoenean, egin izana.

MOBILIZATZEKO DEIA

AHT Gelditu! Elkarlanak «tren suntsitzaile honen aurka» lan egiteko deia egin zuen, espresuki herritarren aurka doalako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo