GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazte independentistek manifestazioa deitu dute asteazkenean Zarautzen

p013_f02_139x76.jpg

GARA | ZARAUTZ

Gazte independentistek udan Euskal Herriko txoko ugaritan egin dituzten ekimenei jarraipena eman eta ikasturte politikoari hasiera emateko, manifestazioa egingo dute datorren asteazkenean, hilak 9, 19.00ean, Zarautzen, kostaldeko herrian egindako agerraldian jakinarazi zutenez.

PSOEren Gobernuak aurtengo udan ezker abertzalearen eta euskal preso politikoekiko elkartasun adierazpenen aurka abian jarritako estrategia errepresiboa areagotu egin duela azaltzeaz gain, ekinaldi horiek guztiak antzuak direla gaineratu zuten.

Ikasturte berriari dagokionez, Jarrai gazte erakunde iraultzailea sortu zenetik 30 urte bete direla hizpide izanik, hainbat ekimen egiteko asmoa dute datozen aste eta hilabeteotan.

Epaiketa politikoak gertu

Hala ere, datorren aste eta hilabeteetan, aurreko urteetan gazte independentisten aurka egindako polizia operazioen ondotik, epaiketak iritsiko direla nabarmendu zuten.

Hala, Markina, Oarsoaldea, Donostialdea eta Nafarroan izandako polizia operazioekin loturiko epaiketak izango dira Auzitegi Nazional espainolean datozen egunotan egingo direna. «Baina oraindik ere ez dira konturatu, herri honek baduela geldiezina den mugimendua. Baduela egunero gaztetxe, ikastetxe, lantegi eta kaleetan etengabe lanean, etorkizuna eraikitzen ari den gazteria aktiboa», gaineratu zuten, asteazkeneko martxan parte hartzeko deia eginez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo