BERRIA Xabier Lekuona 2009/9/1
Atzerritarra
Ederki pasatu ditut oporrak. Egun erdiak Espainiako zoko galdu batean, urrun, eta beste erdiak Frantziako kostalde jendetsu batean, hurbil. Ez telebistarik, ez irratirik, ez prentsarik. Euskaldunik ere ez. Turista eredugarria izan naiz, praka motzak, txankletak eta lepagain gorritua. Lasai oso.
Lasai eta, batez ere, gustura. Frantsesa ederki entzuten dut baina ulertu tutik ere ez. Espainolez moldatzen naiz, baina, antza, ahoskera berezia dudala antzematen didate berehala. Bistan da batean ez nautela frantsestzat hartu, eta bestean, espainola naizela aspertu arte errepikatu badidate ere (tesi bat egiteko moduko gaia da nazionalismoa gorrotatzen omen duten espainol hauek zein joera garatua duten dena eta denok espainolizatzeko), oso etxekotzat ez nautela hartu iruditu zait. Herriko plazatik pasatu, eta begiratu zorrotzak gainean nituela sumatu dut; tabernan sartu, eta tabernaria bera mesfidatu aritu zait. Seme-alabekin euskaraz hitz egin, eta erasota sentitu direla nabaritu dut. Ondoko autoei ez bezala isuna jarri diote nireari, agian matrikula oraindik SSz hasten delako edo. Bietan arrotz.
Bai, atzerritarra sentitu naiz, eta sentiarazi didate. Eta ni lasai eta, batez ere, gustura.