GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gaztesarea-ren auziagatik, bederatzi lagun Madrilen deklaratzera deituak

Joan den uztailaren 29an, Estatu espainoleko Auzitegi Nazionalak aginduta, hiru lagun atxilotu eta Gaztesarea webgunearen Andoaingo egoitza miatu zuten guardia zibilek. Oraingoan bederatzi euskal hiritar deitu ditu deklaratzera Auzitegiak Gaztesarearekin lotura izan eta «kolaborazio» delitua egotzita. Webgunea «gazte mugimenduaren bozgorailu izateagatik» kolpatu dutela salatu zuten atzo Donostian.

p013_f02_148x112.jpg

Amaia ZURUTUZA |

Estatu espainoleko Auzitegi Nazionalak bederatzi lagun deitu ditu deklaratzera Gaztesarearekin lotura izan eta «kolaborazio» delitua egotzita. Bederatzi horietako zazpik bihar eta etzi joan beharko dute Madrilera. Euskal Herriko gazte mugimenduko hainbat eragile zein kide Intxaurrondoko Letaman gaztetxean bildu ziren atzo, Gaztesarearen aurkako operazioa, oro har, eta azken auzipetze hauek espresuki salatzeko.

Amnistiaren aldeko mugimenduak adierazi zuenez Mikel Zenigaonaindia, Haritz Garrido, Gorka Urbizu, Jon Maia, Harkaitz Estiballes, Miren Zabaleta eta Aitziber Martinez de Lagos dira bihar eta etzi Madrilera deklaratzera deitu dituzten euskal hiritarrak.

Uztailaren 29an Iker Acero, Alberto Martinez eta Arkaitz Artola atxilotu zituzten guardia zibilek. Hirurak, aske geratu ziren epailearen aurretik pasa ondoren, hamabost egunero epaitegian aurkezteko beharrarekin.

«Txosten polizial, epaile eta hedabide kriminalizatzaileen helburua» euskal gazteria konprometitua eta inkorfomista paretik kentzea eta jendartearen begietan hauek kriminalizatu eta geldiaraztea dela salatu zuten gazteek. «Aitzakiak aitzakia, Gaztesarea gazte mugimenduaren bozgorailua izateagatik izaten ari da kolpatua», adierazi zuten.

Beharrezko tresna

Eraso horien bidez Euskal Herriko gazteen sareak ez dituztela geldituko nabarmendu zuten eta «sistema kapitalista patriarkalaren zapalkuntzen aurrean», orain arte bezala alternatibak mahagaineratzen eta eraikitzen jarraituko dutela, «gure eskubideak, gogoak zein ametsak ozen aldarrikatuz».

Gaztesarea, sistema kapitalista patriarkalaren aurka dauden euskal gazte guztien aterkia, nahiz «mass media handi eta manipulatzaileen aurrean» errealitatea herritik eta gazte ikuspegiaz lau haizeetara zabaltzen duen komunikazio proiektua dela aldarrikatu zuten. Azken batean, adierazi zutenez, euskal gazteriaren «eztabaida eta borroka ezberdinen topaleku» izanik, Euskal Herrian aldaketa sozialerako beharrezkoa den tresna dela.

Amnistiaren aldeko mugimenduak ere Auzitegi Nazionalaren erabakia salatu zuen atzo eta webgunearen aurkako operazioa eta ondorengo auzipetzeak «espainiar Gobernuak Euskal Herrian ezarri duen mugarik gabeko errepresioaren urrats berria» direla adierazi zuen.

Amnistiaren aldeko mugimenduaren esanetan, Auzitegi Nazionalak «musikariak, bertsolariak, feministak, ikasle mugimenduko nahiz gazte mugimenduko kideak» deklaratzera deitzeak argi erakusten du, «azkenaldian esaten ari garen bezala», errepresioa eremu berrietara zabaltzen ari dela.

Era berean salatu zuen Estatu espainolean komunikabideek ez dutela beraien lana libreki egiteko aukerarik eta adierazpen askatasuna «ukatuta eta zigortuta» dagoela. «Egin»ek, «Ardi Beltza»k edo «Egunkaria»k jasandako errepresioa gogora ekarriz, Gaztesarean aurkako erasoa Estatu espainolak komunikabideen aurkako bidean aurrera jarraitzen duen erakusgarri dela adierazi zuen.

Hala, auzipetuei elkartasuna adierazi eta «errepresioari aurre egiten jarraitzeko deia» egin zien euskal herritarrei amnistiaren aldeko mugimenduak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo