Gasteiztik abiatu da astebetez hamaika txoko zeharkatuko dituen AHTren aurkako martxa
A.ZURUTUZA |
Gasteiz eta Bilboren artean Abiadura Handiko Trena eraikitzeko egiten ari diren lanak zeharkatuko ditu atzo Arabako hiriburutik abiatu zen azpiegitura honen aurkako oinezko martxak. Abiatu aurretik, Ertzaintza agertu eta partehartzaileak identifikarazi zituen.
Arriaga parkean bazkaldu ostean, 18.30 aldera abiatu ziren Urbina herrirantz. Bertan, herritarren eskutik AHTren lanen inguruko informazioa jaso behar zuten. Gaua igaro ostean, gaur goizean Aramaiorako bidea hartuko dute. Bertan erakusketa bat antolatu dute, baita kalejira, bazkaria eta antzerkia ere, eta eguna amaitzeko Arrasaterantz abiatu, eta bertan igaroko dute gaua.
Ekimenaren antolatzaileek azaldu dutenez, martxaren helburuetako bat AHTren lanak egiten ari diren tokietan sorturiko «kalte izugarriak» eta «gizarte eta ingurumenaren aurkako azpikeria honek jarraitzekotan txikitu eta desagertuko liratekeen inguruak» ezagutzea da.
Makinak Galdakaon
Galdakaoko AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek atzo salatu zuten Bekea auzoan jada hasi direla AHT eraikitzeko obrak. «Makinak Bekean sartu dira, arbola mordoa botaz: haritzak, urkiak, hurritzak, gaztainondoak... Bertan daukagu desastrea», adierazi zuten Elkarlaneko kideek.
Lurren desjabetze prozesuan eta aktak sinatzeko orduan proiektuaren arduradunak poliziez baliatu zirela salatu, eta AHTren aurka lanean jarraitzeko deia egin zuten. Datorren ostegunean pasatuko da martxa Bekea auzotik eta eguerdirako bazkaria antolatu dute.