GARA > Idatzia > Kultura

«Tasio» filma egin zuteneko 25. urtemuga ospatzeko erakusketa antolatu dute

GARA | LIZARRA

Atzo ireki zuten «Tasio» pelikula egin zuteneko 25. urtemuga ospatzeko erakusketa Lizarran, inguruetan grabatu baitzen filma orain mende laurdena. Pelikula egin zuen lan taldea ere irekiera ekitaldian izan da, zuzendari Montxo Armendariz eta ekoizle Elias Querejetarekin hasi, eta aktore nagusi izan zituen Amaia Lasa eta Patxi Bisquertekin bukatu.

Mende laurdena ospatzeko ekitaldien barruan, erakusketaz gain gala afari bat ere egitekotan ziren atzo iluntzean, Lizarrako Golem zineman, eta filmean parte hartu zuen taldea -artista zein teknikariak- elkartzekoa zen bertan ere. Gainera, Kilkarrak antzerki taldeak ikuskizun bat eskaini zuen, pelikularen irudiekin tartekatuta.

Amezkoa eta Lana bailaretako biztanleak omentzeko ere baliatu nahi dute gala, beraiengandik jaso zuten harrera bikaina eta «Tasio» grabatzeko lanean emandako laguntza eskertzeko.

Herritarrengandik jasotako arreta hori hizpide hartuta, Patxi Bisquertek berak esana du pelikularen 25. urtemuga ospatzeko egiten ari diren ekitaldi andanaren artean gaur Bakedanon egingo duten herri bazkaria dela gehien hunkitzen duena.

Urtemuga berezi hori dela-eta antolatutako ekintzen artean, liburu bat argitaratzeko asmoa ere iragarri dute, «Tasio» filmaren errodajea zer-nolakoa izan zen azaltzeko.

Txondorgile

Tasio txondorgilearen bizimodua ardatz duen pelikulak landa eremuko bizimodua erakutsi zuen orain hogeita bost urte, baita desagertzear zen txondorgileen bizimodua ere, hori baitzen, beste kontu batzuen artean, Tasioren bizibidea.

Filma oso-osorik Nafarroan errodatu zuten eta Montxo Armendariz itzal handiko zinemagileak egin zuen lehen pelikula da. Zuzendari nafarrak «Carboneros de Navarra» izeneko dokumentala ere grabatu zuen 1981ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo