GARA > Idatzia > Kultura

Zumalakarregi Museoa, hogeigarren urtemugaren ospakizunetan murgildua

Ormaiztegin dago Zumalakarregi Museoa, Tomas jeneralaren jaioterrian. Hasieran, Lehen Karlistadako jeneral izandako gizonari buruzkoa zena, XIX. mende osoa aztertzen duen museo bihurtu da, eta hogei urte bete ditu dagoeneko. Data esanguratsua behar bezala ospatzeko, makina bat ekitaldi egiten ari dira aspaldion, esaterako, rock kontzertua atzo. GARAk Mikel Alberdi artxibo arduradunarekin hitz egiteko beta hartu du, museoa gehiago ezagutzeko asmoz.

Anartz BILBAO | BILBO

Tomas Zumalakarregi Imaz (1784an jaio zen, eta 1835ean hil, Zegaman) zenaren museoa bere jaioterrian bertan, Ormaiztegin kokatzen da, orain hogei urte ateak ireki zituenetik. Hasieran, lehen Karlistadan jeneral izandako herrikideari eskainia, egun XIX. mendea aztergai duen museoa dugu Zumalakarregirena, bertako artxiboko arduradun Mikel Alberdik esan digunez, «egungo Euskal Herria eta bertako egoera ulertzeko, ezinbesteko garaia».

Museoak 20 urte bete ditu aurten, eta ospakizunetan murgilduta dabil hilabeteotan. Atzo, esaterako, rock indartsua jorratzen duen Viticus talde argentinarrak kontzertua jo zuen ospakizun ekitaldien barruan, boskoteko hiru partaide Zumalakarregiren urruneko ahaide direla-eta. «Polita iruditu zitzaigun XIX. mendea eta XXI.a lotzea», eta diasporako rock taldea gurera ekartzea, Euskal Herritik Argentinara joan-etorriko bidaian, ahaidetasun hori aitzakia hartuta. «Gainera -jarraitzen du Alberdik- Vitico taldeburuak jakin-min handia du bere euskal jatorriaren gainean», hilabeteak eman ditu gurean bertako historia ikertu eta euskaltegian euskaraz ikasten.

Kontzertua atzo gauean izan zen Ormaiztegin, baina ez da izan museoaren 20. urtemuga ospatzeko burututako ekitaldi bakarra. Besteak beste, txango bat egina dute Nafarroara, Karlistadetako kokalekuak ezagutzera (Karlisten agerpen eta guzti, dramatizazio bidez), erakusketa birtual bat egin dute web atarian, eta egun badute beste bat Donostian jarria, bi naturazaleenak: bata italiarra eta bestea frantsesa, XIX. mendean Euskal Herrian ibili zirenak, bertako landareria aztertu, jaso eta margotzen.

Funtsezko mendea

Museoaren orain arteko ibilbideari begiratuta, «garapen bat egon da museoan», dio Alberdik. «Hasieran askoz zentratuagoa zegoen Tomas Zumalakarregiren figuran», eta egun, berriz, «zabaldu egin da ikuspegia, dexente gainera». Lehen Karlistada «azaltzetik apenas pasatzen ginen hasieran», eta Bigarren Karlistada ez ezik, «XIX. mendea bere ikuspegi zabalean begiratzen ere saiatzen gara egun». Zumalakarregi eta bere garaia, Karlistadak eta XIX. mendea Euskal Herrian. Horra hor, museoaren eskaintza.

Zumalakarregi Museoan, «zatirik handiena `tailerra' deitzen dioguna da», jokoen edo ohiko ez diren formatuen bidez XIX. mendea ezagutzeko, «puzzle, garaiko disfraz eta besterekin». Beti saiatu izan dira, alde batetik, «erakusketa iraunkorrean diskurtso serioagoa edo» azaltzen, eta bestetik, materialak berrituz, «alde ludikoa lantzen», betiere, XIX. mendeari begira.

Euskaldunentzat, «gaur egun gertatzen zaizkigunak ulertzeko, behar-beharrezkoa da atzera begiratzea, eta XIX. mendea ezagutzea oinarri-oinarrizkoa» dela adierazi du Historia Garaikidea ikasi zuen Alberdik, hor baitago «gure gatazka guztien iturria». Museoa, beraz, «gure historian interes minimoa duen edonorentzat da aproposa». Beste kontu bat da «ados egon edo ez egotea» diosku artxibozainak, baina «gauza ugari hobeto ulertu eta eztabaida pizteko ere balio dezake».

Eskaintzen artean, «erakusketez gain, ikerlari edo historia zaleentzako liburutegi espezializatu eta artxibo osatu bat ere badu museoak, balio erantsi gisa. Eta Zumalakarregi Museoaren garapenean, funtsezkoa izan da internet. Gure webgunean material piloa dago sakontzen joateko, tartean XIX. Mendeko Albuma, garai hartako lau mila irudirekin, denak Euskal Herrikoak. Lan handia egin dugu ataria jorratzen, eta egiten dugu, sarri berritu eta informazioa gehitzen. Eta aurten gainera blog-a estreinatu dugu».

Etorkizunari begira, berriz, atzerriko museoekin elkarlanean hasiak dira, erakusketak eta prestatzen (eginak dituzte elkarlanak bertakoekin, Baionakoarekin kasu), eta datorren urtean adibidez, Boloniara doaz, bertakoekin egindako lan batekin. Erronkak badira beraz, eta lanerako prest dira museoan, baina agurtu aurretik kezka bat ere plazaratu du: «Gurea bezalako museo txikietako aurrekontuak murriztuko dituzten» beldur dira, baina «itxaropentsu» daude.

BILAKAERA

Ormaiztegiko museoa garatuz joan da, eta hasieran Tomas Zumalakarregi aztertzera mugatu arren, gaur egun Karlistadak ez ezik, XIX. mendearen gaineko ikuspegi zabala ematen saiatzen dira.

XIX. MENDEA

Museoan artxiboko arduraduna den Mikel Alberdiren ustez, «behar-beharrezkoa da atzera begiratu eta XIX. mendea ezagutzea», oinarri-oinarrizkoa, «bertan aurkitzen direlako gure gatazka guztien iturriak»

Viticus, de las Carlistadas al rock & roll argentino

Viticus es el proyecto musical que el bajista Vitico, ex de Riff, creó en 2002, un quinteto de hard rock proveniente de Tigre (Argentina), del que participan además, su propio hijo Nicolás y su sobrino Sebastián, quienes mantienen un lejano parentesco con el general carlista Tomás Zumalakarregi Imaz, al ser sus antepasados originarios de Ormaiztegi y apellidarse ellos Bereziartua Zumalakarregi.

El quinteto, enormemente comprometido con su origen e historia vasca, realiza actualmente su tercera gira europea, con especial presencia en Euskal Herria. Ayer -muy ilusionados- tocaron en Ormaiztegi, dentro de las celebraciones del veinte aniversario del Museo Zumalakarregi. Después, actuarán en Bilbo (dos fechas), Donostia, Basauri y Elizondo.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo