GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hilaren 20an egitekoa den Bat Egin Egunaren egitaraua aurkeztu dute

Eskubide zibil eta politikoen aldeko jaialdia egingo dute datorren irailaren 20an Altsasu eta Urdiain arteko San Pedro hariztian. Ezker abertzalearen kontrako auzi ugarietan prozesaturik daudenei elkartasuna adierazteko antolaturiko festan, besteak beste, Pirritx eta Porrotx, Kukubiltxo, Goloka, Fermin Valencia, Neguri Gorriak, Vendetta eta Hesian musika taldeak arituko dira. 1.000 lagunentzako babarrunak ere prestatuko dituzte Laudioko sukaldariek.

p014_f02_097x132.jpg

Manex ALTUNA

2006 eta 2007ko jaialdien ondoren, Bat Egin Egunaren hirugarren edizioa egingo dute datorren irailaren 20an Nafarroako Altsasu eta Urdiain arteko San Pedro hariztian. Eskubide zibil eta politikoen aldeko aldarrikapena egin eta ezker abertzalearen kontrako sumarioetan auzipeturik dauden 200 bat lagunei elkartasuna adieraztea izango du helburu jaialdiak.

Udalbiltzaren kontrako auzian prozesaturik dagoen Maribi Ugarteburuk aurkeztu zuen atzo egitaraua, Porrotx eta jaialdian parte hartuko duten beste artista batzuekin batera. «Indarrak hartu, elkarrekin ondo pasa eta modu umoretsuan» ospatzeko eguna izango dela esan zuen Ugarteburuk.

Goizean goizetik hasiko da festa, 10.00ean, Pirritx eta Porrotx pailazoekin, agertoki handian. Ondoren, Jean Mixel Bedaxagar kantari zuberotarraren emanaldia; eta 13.00etan ekitaldi nagusia izango da. Arratsaldean, Neguri Gorriak, Vendetta eta Hesian taldeek joko dute.

Txikigunea eta bazkaria

Aldi berean, beste agertoki txiki batean, Urduñako jotariak arituko dira eguerdi partean, eta ondoren bertsoak, rap eta graffitia uztartzen dituen ikuskizuna izango da bertan. Bazkalostean Fermin Valencia kantautoreak joko du, eta folk musika ere entzun ahal izango da.

Txikigune bat ere prestatuko dute, eta bertan Goloka taldea, batukada, gaita-jotzaileak, eta txalaparta saioak izango dira. Arratsalderako, berriz, 17.00etatik aurrera, Kukubiltxoren ikuskizuna iragarri dute.

Bestalde, bazkaria Laudioko sukaldariek prestatuko dute aurreko edizioetan bezala. 1.000 pertsonentzako babarrunak egingo dituzte, eta paella ere egingo dute 300 lagunentzat. Bazkarirako txartelak jaialdiko sarreran kokatutako informazio gunean izango dira salgai. Horrez gain, ogitartekoak, pintxoak eta sardinak jateko aukera ere izango du nahi duenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo